Blog honetan politikaz, kulturaz eta bestelako burutapenez idatziko dut. Gozagarri ala kaltegarri.

Tuesday, January 19, 2010

“Zabaletari bozkatuko diot”

Anekdoten kontaketak errealitatea beste era batera ikustarazten digu. Gaur goizez Zarauzko Euromar tabernara joan eta hara non piztu didan elkarrizketa batek jakin gura. Bi aittona barraren ertzean berbetan.

Kokakolak mahaian eta gosea tripara. Askotan ez dakit ez ote den hobea diru-zorroa potolo mantendu eta gose izatea. Beti amore ematen dut, ez zuten askotarako balio izan amamaren gerla zibileko istorioek… Santurtzin nola eskatzen zituzten umeek sardinen hondakinak, irrikaz zurrupatzeko. Zenbat aldatu den gosea; zer den gosea orain, zer zen orduan…

Tira, kontua da, pintxo pare bat eskatzen nenbilela alboan nituen bi aittonak (Amamaren garaikoak ziurrenik) politikaz hitzegiten entzun nituela (gaztelaniaz):

“Deituiozu frente españolista, frente konstituzionalista, deitu nahi bezala… nahi dutena egiten ari dira.”

“Bai”

“Eta PNVek ez die utzi behar. PNVk geratu dezake hori. Orain arte ez dute gauza handiegirik egin, baina egingo dute alajaina!”

“Espero, espero!”, eta biek tragoxka bat baxoerdiari.

“Eske oso hotz ari dira jokatzen kartak.”

-ixilunea-

“Argiago jokatu behar lukete!”

“Zerbait makinatzen izango al dira?! Bestela ez dut ulertzen jarrera hori…”

“Jasanezina da Ares hori! Eta Pachi! eta besteak…”

“Bai, bai”

“Ba jada nahiko nazkatu naiz… ba al dakizu zein izango den hurrengo pausua honek horrela jarraitzen badu?”

-ixilunea-

“Aralarri bozkatuko diot. Zabaletari dedio!”

-lagunaren irri ixila-

Kokakoletako izotza jada urtuta eta Miren haserre egongo zela pentsatuta, bi pintxoak hartu eta mahaira abiatu naiz, diru-zorroa argal. Buruari bueltaka. Muxu bat eta goiz pasa.

Ideologien gainetik fusioa




"Eta gero gerokoak", esango dute batzuek. Garaiak aldatu dira, eta ideologiek lehen zuten indarra koloreek hartzen duten heinean, Espainiar estatuko politikak futbol zelai baten geroz eta antza handiagoa hartzen du. Esparru guztietan da hala, baita komunikabideenean ere.

Lau telebista katek krisiaren gorbatak itota fusionatzea erabaki dute. Alde batetik Cuatrok eta Tele5k, eta bestetik Sextak eta Antena 3k. Leioako kazetaritza fakultatean ikasten ari den ikasle baten begietara oso arraroa bihurtu da honako egoera hau. Txikitan honetarako ikasi ahal genuen ‘logika’, Sagarra berdea da eta platanoa horia ez? Hori oraindik ez da aldatu. Bai, agian hau ez da kazetaritza fakultatetik ulertu daitekeen kontu bat, enpresarialesekoei galdetu beharko diegu…

Ideologiak-ideologia, politikaren futbol partiduan, bi talde izango dituzte telebista pribatuen esparruan. Baina zein izango da gorria eta zein urdina? Tele5ek uko egingo al dio noizbait eskuindar izakerari? Hala Cuatro izango da hori egingo duena? Sexta akaso? Periodikoetan irakurri dudanez kate bakoitzak bere linea editorialari eutsiko dio, alde hortatik ez omen da aldaketarik sumatuko… Zaila egiten zait sinistea, orain ez bada, beranduago, aldaketarik sumatuko ez denik. Orduan ikusiko dugu ea Gorriak ala Urdinak irabazi duten.

Baina niri berdin zait. Futbol partiduetarako nire lehen taldea Athletic da, eta bigarrena Eibar.

Karelean, azterketetarako terapia rockeroa

Lurrak eta zeruak elkar ukitzen duten leku hori… kitar soinu bortzitzez, ahots doinu izugarriez, trumoi hots dirudien baxu gogorraz, bateriaren kaja kolpeaz eta trikiaren melodiaz bete zuten gaztelekuko areto ttikia. Pena da lekua. Aukeran akustika hobeagoa duen leku bat nahiago karelean osotasunean, oparo entzuteko. Baina ez badago, ez dago eta… ezin asko egin.

Hala ere, izugarri gozatu genuen kontzertuaz. Indarra transmititzen duen talde honek, momentu batzuetan Itoiz gogorarazten zidan, beste batzuetan aldiz Lisabö, eta besteetan… besteetan Sorkun. KOnklusio xinple batera iritsi nintzen: Karelean soinua da.

Hiru euro gustura laga nituen talde hau ikusteko, entzuteko eta kontzerturen batera joatera animatzen zaituztet.

http://myspace.com/karelean

Al Kooper, big

Lagun handi bat pare bat asterako Ingalaterratik datorrenean, eta honek nik haina musika gustuko duenean egiten diren planetako batean ezagutu nuen musikari hau zuzenean. Egiako Gasteszena aretoan hain zuzen.

Izugarrizko banda ekarri zuen; haizeak(tronpeta eta saxoa), gitarra elektrikoa, baxua, bateria eta berau hammond organoan eta teklatuan. Izugarrizko banda diot, zein baino zein hobea zelako… eta guztiak batera zuten potentzia izugarria zelako. Izugarrizko kontrola instrumentuengan, izugarrizko feeling-a. Rock&Roll eta R&B zaharra inoiz baino indartsuago.

Zeren gaur egun izugarri saltzen da makro kontzertuaren formatua Euskal Herrian, Rolling Stones-ak direla… Baina izugarri eskertzen da horrelako emanaldi intimo bat eskeintzea musika zaharraren zaleei, emanaldi bat, non, musikari bikainak, aretoaren akustika ezin hobeak zein guztiaren hurbiltasunak justifikatzen duen 15 euro ordaindu izana.

Ondo ordaindutako 15 euro Al Kooper Ipar Amerikarra lanean ikusteko. Musikari zaharra; Bob Dylan, Mike Bloomfield eta Gary Lewis bezalako musikariekin aritua besteen artean. Bandaren musikak Kooperren ahots ahula estaltzen zuen, bigarren plano batean utziaz, baina garbi dago Al kooper ezaguna bada, konpositore eta teklista izanagatik dela, eta hori argi utzi zuen.

“Earki” pasa genuen ilunabarra Egia alde hortan, nahiz eta aparkatzeko zenbait arazo eduki… nola nabari den uda hurbiltzen ari dela.

Jamaikar Arima




Toots and The Maytals taldeak ska-soul doinuz beterik utzi du Bilboko Kafe Antzokia

Eragin izugarria izan du talde jamaikarrak Euskal Herriko panorama musikalean. Askok ez dakiten arren, 80.hamarkadako punk mugimenduari hegoak eman zizkion taldeetariko bat da Toots and The Maytals. Begiratu besterik ez da egin behar bertan erein zuten hazia: Kortatu taldeak ezagun egin zuen “Sarri sarri” kantuaren bertsio originala, The Maytals taldeak konposatu zuen, eta Fermin Muguruzak Brigadistak diskoan sartu zuen “54-46” kantua aldiz, haien kantu ezagunenetarikotzat hartu daiteke.

Agian horregatik dago “Jardines de alvia” bezala ezaguna den plaza gazte kaxkamotzez beteta. Erromantiko itxurarekin, egun batez Piperrak eta R.I.P alde batera utzita, aitona Toots Hibberts-en istorioak entzutera doaz Kafe Antzokira. Koadrodun alkondarak eta tiranteak, bakero hertsiak eta Dr. Marteens botak. Badira baita ere, antzoki atarira hurbildu ahala, rasta potolodun emakume eta gizonak, pare bat korbatadun eta urduri aurpegia duen gazte bat neska noiz etorriko. Sarrerak balio zituen 18 euroak ez dute mitoa bera bota. Ez eta ere denon ahotan dagoen krisiak, halako iluntzeek ahazteko balio dute.

Jada ate beltzak igarota, marihuana usainak hartu du guztia. Irriparreak eta giro ona, eta eszenatokia instrumentuz beteta, gero datorrenaren abisu izan nahi balu legez. Guztia ez da bete, lekurik bada dantzarako. Eskuetan hiru euroko kaña darama lehenengo filara doan mutilak, momentu batez joana zaio irria. Zain da jendetza.

Halako batean, jendea aztoratzen hasia denean, han non atera diren taldeko kideak biraren nekea aurpegian dutelarik. Toots falta da ordea. Guztiak arraza beltzeko jamaikarrak; gitarristetako bat gaztea, gainerako musikariak zaharrak. Urteetako esperientzia azaleko orbanetan tatuatua dute. Haiekin igo da aurkezlea ere: “Basque Country!! Toots and The Maytals!”

Guns of Navarone pieza skatalitikoarekin hasi dute gaua. Baina Toots Hibberts falta da. Jendea saltoka zerbeza ezin zutik mantendu. Irriparreak, marihuana… baina Toots Hibberts ez da eszenatokira igo oraindik. Espektazioa nabari da salto eta salto artean, aurreko emakume rastafariak harridura keinua egin du, “Y Toots que? No sale?”
Esaldia amaitzerako, txaleko koloretsu bat soinean eta toaila lepoan, atera da kantari ezaguna. Oihuek ixilarazi dute musika une batez; kaxkamotzak aztoratu dira, ez, Athletikek ez du golik sartu. Lehenengo kantua amaitzerako 18 euroak txiki geratu direla dirudi.

Pressure drop aukeratu dute bigarren kantutzat, hasiera indartsua. Batek baino gehiagok oroitu du Joxe Ripiau taldearen “Presaka” bertsioa. Bati baino gehiagori jarri zaio oilo ipurdia; batez ere, Toots lehenengo filako jendeari eskua ematen hasi zaionean, “We love you!” dioen bitartean. Hori da hori jarioa, hori ahotsa. Nabari zaio bere gaztaroa, May Pen herri jamaikarreko eliza ebangelistan, igaro zuela gospel koro batean kantari.

Errepertorio osoa bota dute bilbotarrentzat: Monkey man, Country Roads, Bam Bam… Jada badirudi nekea joana zaiela jotzearen jotzez. Azken kantu gisa utzi dute “54-46”, euskaldunok aski ezaguna duguna Fermin Muguruzari esker. Kontzertuak berdindu du aniztasuna, batera dantzan aritu dira rastafariak, kaxkamotzak, bikote maiteminduak eta korbatadunak. Maitatzen erakutsi digu Toots Hibberts aitonak. Agerian utzi du euskaldunon jamaikar arima.

Gurutzeak




Gurutze batekin markaturiko kopetak ikusten ditut egunkarietan. Aurpegi inespresiboak. Batzuk irriparretsu. Besteak ez. Baina gurutze bat dute guztiek kopetean. Horlegia edo gorria izan daitekeen gurutzea… markaturiko gurutzea.
Eta halaxe erabakitzen omen dute nor den gaiztoa, eta nor zintzoa.
Horrela esaten digute zein den bide egokia eta zein bide “demoniakoa.” Gorbatadun gizonak bizi diren bulego grisetan, errotulagailuz idazkari batek bukatzen du lana. Eta gaur goizean nire burura datoz gurutzedun kopetak. Lehen gurutze baten izenean egiten zena, orain gurutze batez dollarraren izenean, kopetean.
Goazen denok borrokatzera demokraziaren izenean!

Gizart mortuaz




Konturatu al zara gure gizartea basamortu bat bezalakoa dela. Sentimenduen basamortu bat, denborak baldintzatua eta gezurrezko irriez apaindua. Kaletik zoaz leiha konstantean, korrika edo antzera, arnasestuka… lasterketa bat da bizitza; ea nork lortu gehien, nor aberastu lehenago.
Ahantzi ditugu bestelako aberastasunak.
Gizarte hau basamortua da.
Eta gizabanako bakoitza kaktus bat.
Elkar senti eta maitatzeko beldurrez,
arrotza=gaiztoa ekuazioaz ulertu nahi dugu dena.
Ezberdina=atzeratua.
Halakoak gara, halakoak bihurtu gara, kapitalismo basati baten menpean…