Blog honetan politikaz, kulturaz eta bestelako burutapenez idatziko dut. Gozagarri ala kaltegarri.

Tuesday, January 19, 2010

Creedence Clearwater Revival, rocka sua dariola

Nola ez duzula ezagutzen Creedence talde estatubatuarra? John Fogerty abeslari eta gitarristak gidatzen zuen taldea eta 60 eta 70.hamarkaden artean sekulako sona lortu zuten. Hona hemen amua…

John Fogerty ren ahotsari sua dario.

Ekaitz elektriko batek bezala botatzen ditu tximistak ahotik zure belarrira eta paralizatuta geratzen zara. Rock and Rollaren morroi.

Talde estatubatuarrak fama 1967an lortu zuen Saul Zaentzekin disko bat grabatu zuenean. Fogerty eta Doug Clifford soldaduskatik itzuli berri ziren eta taldeari izena aldatu behar izan zioten Zaentzi ez baitzitzaion batere gustatzen “The Golliwogs”, ordura arte zutena. Orduan CCR izena aukeratu zuten. Izen kuriosoa; izan ere, abeslariaren lagun baten deituratik (Creedence Nuball) hartu zuten lehen hitza, eta bigarrena aldiz, garagardo iragarki batetik: “Clear water” (ur garbia).

Behin izena aldatuta, haien lanak utzi eta gogor entsaiatzeari ekin zioten. Lan honen emaitza izan zen Creedence Clearwater Revival diskoa. Sekulako sona izan zuen Atlantikoaz bestaldeko irratietan eta telebistetan. Kontuan izan behar da garai hartan hasi zela kultura pop-a garatzen AEBtan, kritikoek beraz, begi onez ikusi zuten proiektua.

Hau izan zen haien lehen single-a, Suzie Q

SUZIE Q

Oraindik lehen diska aurkezten ari zirela, 1969an Bayou Country albuma grabatu zuten Los Angeleseko RCA estudioetan. Diskoak Billboard-en listetan 7.postua lortu zuen eta hurrengo urteetan lortuko zuten famaren aurrekari izan zen. Disko honetan zazpi kanta zeuden eta zazpirak sekulakoak. Baina denetan ezagunena zalantzarik gabe “Proud Mary” kantua izan zen. Bob Dylan berak esan zuen 1969.urteko single hoberena bezala ikusten zuela, ez da gutxi gero…

PROUD MARY


Hurrengo diskoa denborarik galdu barik 1969ko abuztuan grabatu zuten. Green River izenpean izan zen kaleratua, honek ere emisorak apurtu zituen “Green river” eta “Lodi” single-ekin, urrezko diska izendatu zutelarik.

LODI

Disko honen ostean beste lau ere argitaratu zituzten (Willy and the Poor Boys, Cosmo’s Factory, Pendulum eta Mardi Gras), baina ez dut nahi astuna izan. Jakin zazue 1972.urteko urriaren 16an taldea disolbatu zela. Zergatik? Bada azken diskak ez zuelako piperrik saldu, bakoitza bere aldetik hasi zen ibiltzen, elkar gaizkiesaka. Eta azkenean zulora. Pena da.

Nik uste amua bota dizuedala, pastel gozo bat daraman amua. Ez dakit ezagutuko zenuten taldea, ziurrenik bai. Hala bada gozatu berriz entzuten, berpiztu sentsazio zaharrak, melankolia… eta ez bazenuten ezagutzen saltseatu interneten, badira eta makina bat bideo kurioso. Gogor sartuko zaizkizue doinuok tinpanora; izan ere… John Fogerty-ren ahotsari sua dario.

No comments:

Post a Comment