Blog honetan politikaz, kulturaz eta bestelako burutapenez idatziko dut. Gozagarri ala kaltegarri.

Saturday, January 16, 2010

‘Vaya semanita’, txiklea apurtzen denean…


‘Vaya Semanita’ saioak urte ugari daramazki jada eta Andoni Agirregomezkortak zuzentzen duenetik umoreak zapore txarra hartu du. Txisteak txarrak izateaz gain, gustu txarrekoak ere badira. Oso partzialak, eta hainbati mina eragiten diotenak. El País-en elkarrizketa egin zieten abuztuaren 7an “EL CAMBIO POLÍTICO EN EUSKADI” zintapean.



Duela urte dezente, EAJ oraindik boterean zenean, ETB2an programa batek argia ikusi zuen. Oscar Terolen gidaritzapean hasi zen Vaya Semanita saioa eta debora gutxian ikuslego handi bat lotu zuen gauero telebistara. Umore berritzailea zen, ikutu politarekin, eta irria eragiten zigun euskaldunoi. Zergatik? Bada geu parodiatzen gintuelako eta parodiak beti eragiten dute irria parodiatua (kasu honetan geu) ezagutzen denean. Txikiteroen istorioak, euskal alderdi guztien parodiak eta karikaturizazioak… gustu onekoak egiten zitzaizkigun, bai horixe.

Esan daiteke, garai hartan, moldeak apurtu zituztela eta gutxitan ikusitako umore klase bati heldu ziotela. Asmatu zuten.

Txiklea luzatzen

Euskal Telebista oso iaioa da txiklea luzatzen. Terol eta konpainiak oso ondo egin bazuten ere, denbora igaro ahala, errepikapenaren errepikapenaz, txiklea zaporea galtzen joan zen. Umorea ezaguna zitzaigun eta txisteak errepikatu egiten ziren, esan daiteke, ziklo bat amaitua zegoela.
Hala ere, ETBk aurrera segi zuen programarekin eta audientzia beheruntz joan zen apurka. Amaitu zen gauero familia osoa sofan jesartzea txikiteroen tontakeriez parre egiteko… “Los vascos no follan” esaldiak eta kontsignak ere grazia galdu zuen.

Edonork pentsatuko luke, horrelako egoeraren aurrean, edozein telebista katek pertsiana itxi eta amore emango zuela. Amore emango zuela, beste umore saio bat bilatu asmoz, graziak eta txisteak frexkatzeko. Bada ez. ETBk aktorez aldatu eta berriz ere programa berarekin jarraitu zuen, Vaya Semanita tira eta tira txikleari.
Oroitzen naiz nola umetan boomer txikleak erosten genituen zinera joateko. Cocacola zaporekoak nituen gogoko. Ahoan sartu eta sekulako zaporea izateaz gain, asko irauten zuten. Ordu erdi inguru. Eta amaitzean (nahiz eta amak abixatu) beste txikle berri bat sartzen nuen aurrekoarekin batera, zaporea berreskuratzeko. “Oier, ez sartu beste txikle bat, horrela zaporea joan egiten zaio bizkor-bizkor-eta!”, kasurik ez nik. Hiru minututan ahoa listuz mukuru nuen eta txikle bolak ez zuen zaporerik… goma gustu zozoa bakarrik.

Andoni Agirregomezkorta-ren saioak beste ildo bati jarraitu zion eta oraindik jarraitzen dio, umore politikoagoa eginaz. Umore honek zapore txarra zuen, zalantza handiko grazia. Batasuniak sortu zituzten, EAJ erridikulizatu zuten gehienbat, eta oso delikatuak diren kontuez hasi ziren algaraka. Talde politikoen ilegalizazioaz algara, kale borrokaz algara, bideo klip nahiko “esanguratsuak”… Beren burua errebeldetzat dute eta badirudi boterearen aurka doazela. Noski.

Gustu txarreko txikle hau luzatzen eta luzatzen ari da EITB. Eta jada apurtzear da, ez baitu graziarik egiten; eta ez soilik txisteak txarrak direlako, ildo politiko jakin baten tesiak indartzen dituztelako. Abuztuaren 7an El País egunkari sozialistaren azken orrialdean zeharkako elkarrizketa bat egiten zieten. Eta zintan “El Cambio político en Euskadi” ipintzen zuen. Eta ondoan, “La irreverencia del programa Vaya Semanita desacralizó la política en Euskadi. Si tuvieron algo que ver con la salida del PNV y la llegada del PSE, no quieren el crédito”. Andoni Agirregomezkorta, Javier Anton eta Iker Galarza aktoreek artikuluan diotenez politikoak gustura ez egotea seinale ona da, eta ez dute inolako arazorik Otegi edo eta Savater inbitatzeko programara. Zein erreoboluzionarioa den haien umorea… badirudi boterean nor egon berdin zaiela.

Orain Euskolegas delako telesailarekin ari dira hirurak. Hirurak? Bai hirurak; arabarra, bizkaitarra eta gipuzkoarra. Eta nafarra, eta iparraldekoa? EUSKOlegas? Beste detaile hutsal bat besterik ez da hori, Vaya Semanitaren umore partzialaren adibidea. ETBk txiklea asko luzatu zuen, ondoren beste txikle bat sartu du ahora aurrekoaren zaporea berreskuratu nahian, eta orain zapore txarreko txikle bat dauka jada oso oso estiratua. Eta apurtzen denean…

Balantza orekatzeko proposamenak


-Batasunakoekin hainbeste txiste eginda, zergatik ez egin eskoltak dituztenekin ere algarak?

-Kondenak eskatzen gora eta behera, Pirritx eta Porrotxi, euskal eragileei… Zergatik ez parodiatu hori ere? Eta Hedabideen itxiera? Eta errepresio poliziala?

No comments:

Post a Comment