Blog honetan politikaz, kulturaz eta bestelako burutapenez idatziko dut. Gozagarri ala kaltegarri.

Tuesday, January 19, 2010

“Zabaletari bozkatuko diot”

Anekdoten kontaketak errealitatea beste era batera ikustarazten digu. Gaur goizez Zarauzko Euromar tabernara joan eta hara non piztu didan elkarrizketa batek jakin gura. Bi aittona barraren ertzean berbetan.

Kokakolak mahaian eta gosea tripara. Askotan ez dakit ez ote den hobea diru-zorroa potolo mantendu eta gose izatea. Beti amore ematen dut, ez zuten askotarako balio izan amamaren gerla zibileko istorioek… Santurtzin nola eskatzen zituzten umeek sardinen hondakinak, irrikaz zurrupatzeko. Zenbat aldatu den gosea; zer den gosea orain, zer zen orduan…

Tira, kontua da, pintxo pare bat eskatzen nenbilela alboan nituen bi aittonak (Amamaren garaikoak ziurrenik) politikaz hitzegiten entzun nituela (gaztelaniaz):

“Deituiozu frente españolista, frente konstituzionalista, deitu nahi bezala… nahi dutena egiten ari dira.”

“Bai”

“Eta PNVek ez die utzi behar. PNVk geratu dezake hori. Orain arte ez dute gauza handiegirik egin, baina egingo dute alajaina!”

“Espero, espero!”, eta biek tragoxka bat baxoerdiari.

“Eske oso hotz ari dira jokatzen kartak.”

-ixilunea-

“Argiago jokatu behar lukete!”

“Zerbait makinatzen izango al dira?! Bestela ez dut ulertzen jarrera hori…”

“Jasanezina da Ares hori! Eta Pachi! eta besteak…”

“Bai, bai”

“Ba jada nahiko nazkatu naiz… ba al dakizu zein izango den hurrengo pausua honek horrela jarraitzen badu?”

-ixilunea-

“Aralarri bozkatuko diot. Zabaletari dedio!”

-lagunaren irri ixila-

Kokakoletako izotza jada urtuta eta Miren haserre egongo zela pentsatuta, bi pintxoak hartu eta mahaira abiatu naiz, diru-zorroa argal. Buruari bueltaka. Muxu bat eta goiz pasa.

Ideologien gainetik fusioa




"Eta gero gerokoak", esango dute batzuek. Garaiak aldatu dira, eta ideologiek lehen zuten indarra koloreek hartzen duten heinean, Espainiar estatuko politikak futbol zelai baten geroz eta antza handiagoa hartzen du. Esparru guztietan da hala, baita komunikabideenean ere.

Lau telebista katek krisiaren gorbatak itota fusionatzea erabaki dute. Alde batetik Cuatrok eta Tele5k, eta bestetik Sextak eta Antena 3k. Leioako kazetaritza fakultatean ikasten ari den ikasle baten begietara oso arraroa bihurtu da honako egoera hau. Txikitan honetarako ikasi ahal genuen ‘logika’, Sagarra berdea da eta platanoa horia ez? Hori oraindik ez da aldatu. Bai, agian hau ez da kazetaritza fakultatetik ulertu daitekeen kontu bat, enpresarialesekoei galdetu beharko diegu…

Ideologiak-ideologia, politikaren futbol partiduan, bi talde izango dituzte telebista pribatuen esparruan. Baina zein izango da gorria eta zein urdina? Tele5ek uko egingo al dio noizbait eskuindar izakerari? Hala Cuatro izango da hori egingo duena? Sexta akaso? Periodikoetan irakurri dudanez kate bakoitzak bere linea editorialari eutsiko dio, alde hortatik ez omen da aldaketarik sumatuko… Zaila egiten zait sinistea, orain ez bada, beranduago, aldaketarik sumatuko ez denik. Orduan ikusiko dugu ea Gorriak ala Urdinak irabazi duten.

Baina niri berdin zait. Futbol partiduetarako nire lehen taldea Athletic da, eta bigarrena Eibar.

Karelean, azterketetarako terapia rockeroa

Lurrak eta zeruak elkar ukitzen duten leku hori… kitar soinu bortzitzez, ahots doinu izugarriez, trumoi hots dirudien baxu gogorraz, bateriaren kaja kolpeaz eta trikiaren melodiaz bete zuten gaztelekuko areto ttikia. Pena da lekua. Aukeran akustika hobeagoa duen leku bat nahiago karelean osotasunean, oparo entzuteko. Baina ez badago, ez dago eta… ezin asko egin.

Hala ere, izugarri gozatu genuen kontzertuaz. Indarra transmititzen duen talde honek, momentu batzuetan Itoiz gogorarazten zidan, beste batzuetan aldiz Lisabö, eta besteetan… besteetan Sorkun. KOnklusio xinple batera iritsi nintzen: Karelean soinua da.

Hiru euro gustura laga nituen talde hau ikusteko, entzuteko eta kontzerturen batera joatera animatzen zaituztet.

http://myspace.com/karelean

Al Kooper, big

Lagun handi bat pare bat asterako Ingalaterratik datorrenean, eta honek nik haina musika gustuko duenean egiten diren planetako batean ezagutu nuen musikari hau zuzenean. Egiako Gasteszena aretoan hain zuzen.

Izugarrizko banda ekarri zuen; haizeak(tronpeta eta saxoa), gitarra elektrikoa, baxua, bateria eta berau hammond organoan eta teklatuan. Izugarrizko banda diot, zein baino zein hobea zelako… eta guztiak batera zuten potentzia izugarria zelako. Izugarrizko kontrola instrumentuengan, izugarrizko feeling-a. Rock&Roll eta R&B zaharra inoiz baino indartsuago.

Zeren gaur egun izugarri saltzen da makro kontzertuaren formatua Euskal Herrian, Rolling Stones-ak direla… Baina izugarri eskertzen da horrelako emanaldi intimo bat eskeintzea musika zaharraren zaleei, emanaldi bat, non, musikari bikainak, aretoaren akustika ezin hobeak zein guztiaren hurbiltasunak justifikatzen duen 15 euro ordaindu izana.

Ondo ordaindutako 15 euro Al Kooper Ipar Amerikarra lanean ikusteko. Musikari zaharra; Bob Dylan, Mike Bloomfield eta Gary Lewis bezalako musikariekin aritua besteen artean. Bandaren musikak Kooperren ahots ahula estaltzen zuen, bigarren plano batean utziaz, baina garbi dago Al kooper ezaguna bada, konpositore eta teklista izanagatik dela, eta hori argi utzi zuen.

“Earki” pasa genuen ilunabarra Egia alde hortan, nahiz eta aparkatzeko zenbait arazo eduki… nola nabari den uda hurbiltzen ari dela.

Jamaikar Arima




Toots and The Maytals taldeak ska-soul doinuz beterik utzi du Bilboko Kafe Antzokia

Eragin izugarria izan du talde jamaikarrak Euskal Herriko panorama musikalean. Askok ez dakiten arren, 80.hamarkadako punk mugimenduari hegoak eman zizkion taldeetariko bat da Toots and The Maytals. Begiratu besterik ez da egin behar bertan erein zuten hazia: Kortatu taldeak ezagun egin zuen “Sarri sarri” kantuaren bertsio originala, The Maytals taldeak konposatu zuen, eta Fermin Muguruzak Brigadistak diskoan sartu zuen “54-46” kantua aldiz, haien kantu ezagunenetarikotzat hartu daiteke.

Agian horregatik dago “Jardines de alvia” bezala ezaguna den plaza gazte kaxkamotzez beteta. Erromantiko itxurarekin, egun batez Piperrak eta R.I.P alde batera utzita, aitona Toots Hibberts-en istorioak entzutera doaz Kafe Antzokira. Koadrodun alkondarak eta tiranteak, bakero hertsiak eta Dr. Marteens botak. Badira baita ere, antzoki atarira hurbildu ahala, rasta potolodun emakume eta gizonak, pare bat korbatadun eta urduri aurpegia duen gazte bat neska noiz etorriko. Sarrerak balio zituen 18 euroak ez dute mitoa bera bota. Ez eta ere denon ahotan dagoen krisiak, halako iluntzeek ahazteko balio dute.

Jada ate beltzak igarota, marihuana usainak hartu du guztia. Irriparreak eta giro ona, eta eszenatokia instrumentuz beteta, gero datorrenaren abisu izan nahi balu legez. Guztia ez da bete, lekurik bada dantzarako. Eskuetan hiru euroko kaña darama lehenengo filara doan mutilak, momentu batez joana zaio irria. Zain da jendetza.

Halako batean, jendea aztoratzen hasia denean, han non atera diren taldeko kideak biraren nekea aurpegian dutelarik. Toots falta da ordea. Guztiak arraza beltzeko jamaikarrak; gitarristetako bat gaztea, gainerako musikariak zaharrak. Urteetako esperientzia azaleko orbanetan tatuatua dute. Haiekin igo da aurkezlea ere: “Basque Country!! Toots and The Maytals!”

Guns of Navarone pieza skatalitikoarekin hasi dute gaua. Baina Toots Hibberts falta da. Jendea saltoka zerbeza ezin zutik mantendu. Irriparreak, marihuana… baina Toots Hibberts ez da eszenatokira igo oraindik. Espektazioa nabari da salto eta salto artean, aurreko emakume rastafariak harridura keinua egin du, “Y Toots que? No sale?”
Esaldia amaitzerako, txaleko koloretsu bat soinean eta toaila lepoan, atera da kantari ezaguna. Oihuek ixilarazi dute musika une batez; kaxkamotzak aztoratu dira, ez, Athletikek ez du golik sartu. Lehenengo kantua amaitzerako 18 euroak txiki geratu direla dirudi.

Pressure drop aukeratu dute bigarren kantutzat, hasiera indartsua. Batek baino gehiagok oroitu du Joxe Ripiau taldearen “Presaka” bertsioa. Bati baino gehiagori jarri zaio oilo ipurdia; batez ere, Toots lehenengo filako jendeari eskua ematen hasi zaionean, “We love you!” dioen bitartean. Hori da hori jarioa, hori ahotsa. Nabari zaio bere gaztaroa, May Pen herri jamaikarreko eliza ebangelistan, igaro zuela gospel koro batean kantari.

Errepertorio osoa bota dute bilbotarrentzat: Monkey man, Country Roads, Bam Bam… Jada badirudi nekea joana zaiela jotzearen jotzez. Azken kantu gisa utzi dute “54-46”, euskaldunok aski ezaguna duguna Fermin Muguruzari esker. Kontzertuak berdindu du aniztasuna, batera dantzan aritu dira rastafariak, kaxkamotzak, bikote maiteminduak eta korbatadunak. Maitatzen erakutsi digu Toots Hibberts aitonak. Agerian utzi du euskaldunon jamaikar arima.

Gurutzeak




Gurutze batekin markaturiko kopetak ikusten ditut egunkarietan. Aurpegi inespresiboak. Batzuk irriparretsu. Besteak ez. Baina gurutze bat dute guztiek kopetean. Horlegia edo gorria izan daitekeen gurutzea… markaturiko gurutzea.
Eta halaxe erabakitzen omen dute nor den gaiztoa, eta nor zintzoa.
Horrela esaten digute zein den bide egokia eta zein bide “demoniakoa.” Gorbatadun gizonak bizi diren bulego grisetan, errotulagailuz idazkari batek bukatzen du lana. Eta gaur goizean nire burura datoz gurutzedun kopetak. Lehen gurutze baten izenean egiten zena, orain gurutze batez dollarraren izenean, kopetean.
Goazen denok borrokatzera demokraziaren izenean!

Gizart mortuaz




Konturatu al zara gure gizartea basamortu bat bezalakoa dela. Sentimenduen basamortu bat, denborak baldintzatua eta gezurrezko irriez apaindua. Kaletik zoaz leiha konstantean, korrika edo antzera, arnasestuka… lasterketa bat da bizitza; ea nork lortu gehien, nor aberastu lehenago.
Ahantzi ditugu bestelako aberastasunak.
Gizarte hau basamortua da.
Eta gizabanako bakoitza kaktus bat.
Elkar senti eta maitatzeko beldurrez,
arrotza=gaiztoa ekuazioaz ulertu nahi dugu dena.
Ezberdina=atzeratua.
Halakoak gara, halakoak bihurtu gara, kapitalismo basati baten menpean…

esperientziaz

Esperientzia aberasgarriak milaka konta daitezke egunero, baina askotan ez gara ohartzen haien balioaz, ez dakigu zenbateraino diren aberasgarri. Ñabardura ugarik gure pentsatze eta arrazoi esparrua handitzen dute; erdoila kenduz burmuinetik, eskumuturrak olioztatuz, begiak zabaldu araziz nahiz eta argiak min eman. Esperientzia da ondare garrantzitsuena bizitzan. Esperientziak bihurtzen du bizitza bera, eskola. Esperientziak egiten gaitu.

Uda honetan egon naiz lehen aldiz egunkari baten tripetan, barru-barruan lanean. Ikasteko balio izan dit, asko ikasteko. Elkarlanaz ikasi dut batez ere. Nola lagun askoren artean egiten den proiektu bat, nola denen indar eta konpromezuaz ateratzen diren aurrera erronka txikiak, amets handiak. Noski, kazetaritzaz ere ikasi dut…
Nik uste denborak erakutsiko didala ikasitakoa.

Egunaz eta gauaz, azterketa garaiko paranoiak

Eguna eta gaua

Egunak kuriosoak dira. Ilunaren hesiek mugatutako denbora zatiak. Guk asmatuak, eta diogu guztiak ezberdinak direla, kristoren asmakizuna egin bagenu legez. Artifizialki sortutako denbora zatiak. Gure adimenak soilik ulertzen dituenak.

Eta egunen egunez denbora kontatzen dugu. Eta gauzak ospatu, festak eta abar… Egun bereziak, arruntak, gogorrak, neketsuak… egunak adjetiboekin doaz lotuak beti. Egun guztiak bereziak al dira? Ala egun guztiak normalak dira? Egunak dira? zer dira egunak?

Gauak ahanzturan jausten dira… gajoak.

*eta eguna bakarra bada, eta soilik lekuz aldatzen badoa? (…)

Agurea eta itsasoa: “Izarrak ikustera noa laztana”

Frustrazioa zer den galdetu dit gaur kontzientziak?
Baina nekatuta dagoenak ez daki nola erantzun,
erantzunik gabeko beste galdera bat…

Goizeko ur apaletan, oraindik eguzkia esnatu ez denean, arrantzara irten eta hortik 10 ordura otarra hutsa izatea. Hemingway-en Agurea eta itsasoa eleberriak dakarkidana burura. Penak eta komeriak, barne borrokak eta maitasuna. Maitasuna egunerokoari, inguruari eta bizipenei. Maitasuna izan zarenari eta zarenari… ez jakintasunari, izango zarenari. Esku soil batek konta dezakeen guztia ulertu ezinak sortzen duena… ulertu ezina… frustrazioa.

Usteak erdia ustel dio esaerak. Frustratu batek asmatu zuen ziurrenik. “Izarrak ikustera noa laztana”, “norekin bada?”, “sekretu bat da… nirea”, “norekin zoaz, nirekin ez bada!”, “frustrazioarekin”. “Zergatik?”, “Momentu txarrenetan nire ondora etortzen den bakarra delako…”

eta abar…

Babel pelikulaz




Harrigarria izan daiteke tiro baten danbatekoak sor dezakeen kalapita. Zenbati eragin diezaiokeen tiro huts eta apal batek, haizeari egindako tiro huts eta apal batek. Zenbat min. Zenbat negar. Zenbat emozio… bi ume marokoarrek sortuak horiek denak. Noraino iritsi daitekeen ekintza huts bat aztertuz, mihatuz, erantzunak aurkitzeko. Agian, uste baino erantzun gehiago. Tarteka-marteka konturatu beharko ginateke, egiten dugun ororen erantzule garela eta ezin diegula besteei errua bota.

Azkenaldian ikusi dudan pelikula eder eta krudeletariko bat da Alejandro Gonzalez de Iñarrituren film hau. Ikustekoa da nola lotzen dituen kontinente ezberdinetako zenbait gertaera, eta hauen lotura nola azaltzen digun. Ez da makala pasako dugun emozioa, izan ere, tontakeriak alde batera utzita, errealitate gordina erakusten digu ikusleoi. Alde horretatik oso zuzena da eta honek negar bat baino gehiago suertatu dezake eztienen artean. Argumentu eta gidoi sendoak ditu eta interpretazio oso desberdinak atera daitezke.

Aipagarria da parte hartzen duten aktore guztien lana, baina bereziki azpimarratu nahi nuke, Brad Pitt-ena. Gizon honek pelikula hau sentimentuz egin duela ikusten da. Bere papelean guztiz barneratuta, ez du inoiz bere famaren handikeriarik erakusten eta beste aktoreen hainako protagonismoa hartzen du. Rinko Kikuchi aktorearen papera ere azpimarratuko nuke, pelikulan hartutako protagonismoa, interpretazio onarekin orekatzen baitu. Ezezagun izatearen zama ondo darama

Drama bikaina, akats soil batekin: zinemen prezioa. Beraz, ez ezazue pasatzen utzi Babel ikusteko aukera .

Ezlekuak, galtzada eta ilargi betea

Musika gustuko dut. Musika, eta honek ematen digun guztia. Melodia eta letra, zein atmosferaren arteko nahasketa horrek barrenak kilikan ipintzen dizkizu eta gero ezin duzu ihes egin. Harrapatuta geratzen zara, nota arteko mundu hipotetiko batean galdurik. Transmisio hori magikoa da… magia egin dezake musikak… musikak ezagutzen gaitu, gutaz dena dakiela esan daiteke. Eta aldi berean ez dakiela ezertxoere.

Gaurkoan Lisabo entzun ahal izan dut zuzenean Pasaia Antxoko kultur etxean.
lisabo.jpg
Borroka batean sartu naizela iruditu zait, jipoitua atera naiz kultur etxe txikitik. Ostikadaka txikitu naute talde irundarraren kitar kolpe melodiko zorrotz eta kaja kolpeek… zulatutako platu edo antzeko hark… ahots kaotikoak… Trumoi bat bezala da kantu bakoitza, kantuan dakien trumoi bat… harrigarria benetan.

Apurtutako musika doinuak dira, barrenak mugiarazten dizkizuten zarata armonikoak.

Harrituta geratu naiz benetan. Ez nuen hainbeste indar espero… bataila galdu dut.

Ezagutzen ez nuen musikaren aurpegi bat ezagutu dut, eta pozik nago. Musikak ajea duenean erakusten duen aurpegia edo kasketa on bat harrapatu ondorenekoa… edo… edo melankonia hutsez egindako irriparre gaiztoa.

Ilargi beteko gau batean izan da hau guztia; ilargi betez, galtzada baten zehar joanda, bost euro ordainduta eta zorte apur batekin lortutako sari bat. Lehen aldiz, gustora jaso dudan jipoia. Goizeroko kafesnean itotzea bezalakoa…

Lisabö.

…eta igande goiza ezagutu nuen




“Atzoko larunbata lasaia joan zen, ez zinen lagunekin poteora atera, ez zenuen parrandarik bota eta hamarretan jada maindireen azpian zinen lo hartu nahiean. Drogarik gabeko larunbata; afari ganberrorik, benedictine koparik eta dantza lotsagaberik ez; ez Ximut, ez Kukaña, eta are gutxiago Txanelako burrunda goizeko lauretan…”

Ohea aukeratu zenuen… ohea, behingoz igande goiza ezagutu ahal izateko. Astelehena ez, Igandea.

Gortinen atzetik datorren argi apalak esnatu zaitu. “Bost minutu gehiago”pentsatu, baina bi minututan jada ohetik jaiki eta ezin izan diozu eutsi zerua begiratzeko irrikari; urdina ageri da eta ez dago eguzkirik. Eguzkia, hodei zuri bakarti eta apal baten atzean ezkutatu da. Irratia piztu orduko ohartu zara. 9:00ak dira. Igande goiza da!

Buruko minik ez, guztia arraroa egiten zaizu… Beti jakin nahi izan zenuen igande goizak nolakoak ziren, batzuetan kondaira huts zirela pentsatzera ere iritsi zinen “lagun batek behin esan zidan, beste lagun batek kontatu ziola… Igande goizak Elizak asmatuak direla meza emateko”, eta halakoak. Fantasia, ipuin, gezur huts, kimera zirela uste zenuen… Baina ez, zure begiez ikusi duzu “Igande goizak ere existitzen dira!”

Gelako atea zabaldu eta sukalderantz abiatu zara eta bidean egongelako tximinian olentzerok oparirik utzi ez duela ikusi duzu, “igande goizetan ez da olentzero etortzen, zurrumurruak faltsuak ziren”

Sukaldera sartu eta izugarria! Mahaian gosaltzeko ogi xigortuak eta mazedonia bat… hau bai ez zenuela espero! Ez horixe! Sukaldeko lehioa zabaldu eta haize frexkoa sartzen utzi duzu, Igande goizetako haize purua, eta mazedoniaz gozatzen hasi zara fruitu zati zukutsu bakoitza luze dastatuz.

Gurasoak ez dira inondik ageri, ez daude etxean, dirudienez mendi buelta egitera atera dira edo amonaren etxera joanak agian… “Que buena!”

Egongelara erretiratu eta irratia piztu duzu musika apur bat ipintzeko asmoz. Mikel Urdangarinen doinu eztiak, aukera ona. Sofan jesarri zara hankak luzatuz. Paradisua. Isiltasuna da nagusi eta udaberriko txorien txioak entzuten dituzu kalean. Haize purua, eguzkiaren epela gortina atzetik, Mikel irratian eta zu sofan hankak luze… eta burukominik ez. “Oh yeah…”

“Katakraaaak!!!”

Ixiltasuna apurtu da mila zatitan, beirazko kopak lurra jotzen duenean bezala. Zure anaia gaztea esnatu da eta armoniak lehiotik ihes egin dizu. Pubertaroaren gandorrean dago; egongelara sartu, irratia itzali eta telebista piztea okurritu zaio. Okurritu eta egin. “Kaka zaharra! Hik ze uste dek!” Erantzuna erraz askatu du “Famako finalan errepikapena emateie! Kikek ez dik irabazten!” Igande goizetan horrelakorik! Ez duzu txintik ulertzen… “oooooh… Kikek ez dik irabazten… hi! pena eh! Kaben la …” baina telebistari aiduru jarri zara, ez duzu nahi anai arteko borroka odoltsu bat hasi.

<> <<…zi ezke mira alex tu para mi erez el ganador de verdad, el público te ha eliminao pero zin ti fama no ez nada. (negar malko artean)>> … zur eta lur utzi zaitu. Fama bilatzen dabiltzan ustezko dantzariak kamara atzean patetikoki antzezten… plastikozko negar malkoak… hipokresia gehiago… eta anaia hipnotizaturik telebista aurrean guztia ondo aztertu eta detaile guztiak memorizatuaz gero lagunekin ikastolan komentatzeko eta eztabaidatzeko. “Hau al da gaur egun modan dagoena? Jendartea hipnotizatzea horrelako zakar mordoarekin… tentelduta…kalean benetako arazoei buruz hitz egin beharrean Kike famako galtzaileari buruz hitzegiteko” Desanimoan erorita, burukomina berriz agertu da eta gosaria bueltaka hasi zaizu hesteetan… ondoeza, botagurea…

Bazoaz ohera; pertsianak itxi eta maindirepean sartu zara, garbi duzu: Hurrengo Larunbatean sekulako parranda botako duzu. Benedictine kopa, vermouth-a eta lagunekin mundua konpontzera. Bai Horixe, desfasea!

Kafe mingotsa Andoainen

Kafe goiztiarra edaten ari naizela, Andoaingo Maitón kafetegian eztabaida politiko bat hasi da. Langile erdaldun bat Maiatzaren 21eko grebaren inguruan despotrikatzen , madarikazioak boteaz. Taberna osoa ixilik…

Barran dagoen gizon baten aurpegian haserrea dakusat. Eztabaidarako gogo gutxi, ajea begietan. Nik ordea Berria irakurtzen jarraitu dut, aho-beroari kasurik egin gabe.

Hile zuri bat sartu da eztabaidaren (agian hobe bakarrizketa deitzea) azken txingarretan. “¿Si y quien ha convocado la huelga? ¡El PNV y HB! Por eso salí yo de ELA…”, harrapazank.

“Hara!”, pentsatu dut. Hor PSEko personaje tipikoa. Ni mundutarra naiz, eta ez dakit zer, eta langileen eskubideak defendatzen dituzten sindikatuak ez dute grebara deitu, eta ez dakit zer, eztabaida identitarioek ez dute zentzurik… benetan jendeari inporta diona ez da hori… Politikari guztiak berdinak dira… eta bla, bla, bla…

Tira esan ezak “Gora Patxi Lehendakari!” eta gera hadi gustura behingoz.

Kafea amaitu zait, Berria amaitu zait, eta ez zait moralik geratu tabernako paretean zintzilik dagoen El Diario Vascoa hasteko ere. Banoa haize pixkat hartzera eguna luzea da-eta.

Bizitzaren bizioa

Euskotren geltokiak nire etxeko balkoira du begiratzen amenazuz. “Etorri beharko haiz Oier… etorri beharko! Ezin duk ihes egin.” Eta nik minutuak kontatzen ditut, ez baitut gogo handirik astea hasteko.

Batzuetan nahiago dut arrain abisalak bezalakoa izan, men egin bizitza honen erritmoari eta ilunetan egotera ohituratu. Zorionez, bi aldiz gehiago pentsatu eta oraindik hamaika arrazoi geratzen zaizkidala nabari dezaket. Arrazoiak oparitzen dizkidatela nire txalupa ttikian ozeano zabala ezagutzen jarraitzeko. Ur-bizkorretan jarraitzeko, aurrerantz.
“Ohitura da bizioaren abizena” idatzi zuen behin batek. Bizitzako ohiturekin, bizitza den bizioarekin jarraitu behar dut aste honetan ere.

Guardia Zibilarekin elkarrizketak (II)




Hau da <"Guardia Civilekin" elkarrizketak> trilogiaren bigarren atala. Jakin ezazue benetan gertatutako istorioa dela eta nolabait islatzen duela, aurreko atalak bezala, Euskal Herriak bizi duen egoera. Zuk zeuk irakurri eta ondoren epaitu.

Opor gosea izaten den garaian, unibertsitatearen azken egun horietako batean, Bilborako trena hartu behar duzu. Aitak esan dizu: “Hartu autobusa Donostiatik!”, betiko sermoia, baina zuk badakizu ordu laurden soilik aurreratzen dela autobusean. Gainera Euskotrenen hamar bidaiako bonoa erosi zenuen duela hilabete, eta ez zaizu agortu oraindik. “Aita utzi pakean, mesedez…”

Amaloi kafetegian kafeina dosia hartu eta ipur masail ariketak egin dituzu, ez baitzara inoiz ohituko aulki gogor horietara. Amaloitik irten eta, “hara!”, bi patrol berde aurkitu dituzu geltoki parean… “ui, ui, ui…aber behintzat egun ona duten…”

Kafeina dosia txarrerako izan da gaurkoan, urduri zaude, bihotzaren azeleragailuari sakatu bazenio bezala. Begiak alde batera eta bestera mugitzen zaizkizu, eta lasai zaudenaren itxura nahi duzu egin. “Ez begiratu metrailetari, ez begiratu metrailetari, ez, ez ,ez”, baina begiratzen diozu azkenean. Ezin duzu disimulatu, “joño!”. Azterketak ahantzi dituzu une batez, ahaztu zaizu zertara zoazen Bilbora, soilik Bilbora zoaz… eta berdez jantzitako polizia tokatu zaizu. Berriz ere. Bigarren nasa da Bizkaia aldera doana, Eibarko aiton-amonez mukuru da, eguraldi ona egin du gaur eta hondartzatik bueltan doaz. Ez dirudi haiek hain urduri daudenik, edo hala uste duzu behintzat. Lehenengo nasatik bi begirada zorrotz dituzu nabari, une batez badakizu zer sentitzen den tirokatzen zaituztenean. Bigarren nasa amaieran beste bi metraileta daude soinean bi gizonekin, berdez jantziak hauek ere. “Hi zintzoa haiz, ez duk ezer egin… baina zer inportako dik horrek! Gaur ere miatuko haute-eta”.

Trena iristeko geratzen ziren 4 minutuak oso luzeak egin zaizkizu. Hor dator. Gidariaren begietan ere zerbait arraroa sumatu duzu pasaran, narda ikustea iruditu zaizu bere begietan. Barrura sartu eta lau jesarleku huts aurkitu dituzun leku bakarrean jarri zara. Lasaiago joateko. Berria zabaldu eta eguneko berriak irakurtzen ari zarenaren itxura egin duzu, polizien presentzia arbuiatzeko asmoz. Lehenagotik ere bazenekien, horrelakoetan irakurtzea ezinezkoa dela, buruan duzun enpatxuagatik edo. Bi polizien begiradak biluztu egiten zaitu eta edozein “txorakeriatan” pentsatzen hasten zara. “Atxilotuko al naute korrikaren pina eramateagatik, edo EHNA soinean dudalako?”

Zumaiara iritsi aurretik ia zure parean duzu 36 urte inguruko Guardia Zibila. “La documentación. Y enséñeme la bolsa, todo lo que lleva”, Eskua sartzen du zure “marikoneran”, kartera ateratzen du, mobila ere bai, eta narruzko poltsan eginda dituzun pintadei begira hasten da. “Qué es esto?”, dio Ongi Etorri leloa duen Korrikako pinari begira. “Eh… Es el pin de la Korrika, de los euskaltegis de AEK…”, horrelakoetan sekulako baserri azentoa ateratzen zaizu, urduritasunak eraginda-edo. “Ez al nau ba atxilotuko AEKko pin batengatik”, pentsatzen duzu berriz ere. Txorakeria zirudien pentsatzeak ere. Eskuekin ukitzen du eta badarama lagunekin komentatzeko. “Ai ama”. Egia esan ez zaitu gehiegi harritzen egoerak, eta pentsatzen jarrita, kezkagarria iruditzen zaizu horrelako egoera normaltzat hartu behar izatea.

Berriz dator solasetik solasera pikoloa. “Toma. No te tienes que preocupar… mientras no sea ilegal lo puedes llevar, vivimos en una democracia libre.” Benetan ez zenuen halako erantzunik espero. Apurtuta zaude esan duenarekin. Ahoa itxita edukitzera behartuta, burua jaitsi, eta uda aurretiko azken azterketetan kontzentratzen saiatu zara. Zaila ipintzen dizute gero.

Guardia Zibilarekin elkarrizketak (I)




2006.urteko eguardi bero bat. Uda hastear da baina oraindik ez da iritsi. Unibertsitatea amaitzear da, baina oraindik ez da amaitu. Une nahiko aldrebesa bizi duzu. Larunbata da eta Bilboko Abandoko tren geltokitik metrora sartzera zoaz, nola da posible hori? Bai, dentistari bisita egin behar zenion, eta horregatik goizean goiz Zarauztik trena hartu, eta bi orduko bidaia ekologikoa egin behar izan duzu Bizkaiko hiriburura.

Ahoa oraindik mindua duzu, eta ezkerreko masailaren zati bat lokartua. Ez duzu piperrik bazkaldu eta Bolueta aldera zoaz; trena hartu eta zure herri maitera itzultzera. Normaltasuna nahi duzu, larunbat hori nola bait normaldu, lagunekin edo.

Tripa hutsik tiketa hartu eta lehen bagoira sartu zara, denak hutsik daude, zertarako aldatu… Jesarleku gogorretan eseri, eta zure ipur-masailek lortu dute soilik lo hartzea Durangora iritsi zarenerako. Logura duzu baina ezin lo egin, nekeak jango zaitu bazkaltzeko.

Jendetza sartu da Zaldibarren, hankak pareko aulkitik kentzera behartu zaituen amona bat ere bai tartean. Akabo.

Bizkaiako lautada igarota, Anboto eta bere anai arrebak ikusita jada, Gipuzkoa usaintzen hasi zara paisaieko pinuetan. Euskal selekzioaren kamisetaren azpitik izerdia usain dezakezu. Izerdi freskoaren usaina gustuko duzu. Mobila atera eta ordua begiratu, Ermuan zaude eta hirurak pasa dira.

Halako batean han non sartzen diren lau musker berde, trikornioa eta guzti. Ez gezurra diot, trikornio bereizgarririk ez daramate, lau gazte dira; balen kontrako txalekoa jantzita, hanka puntetaraino armatuta eta txapel okerrarekin: “antiterroristak ziurrenik” pentsatzen duzu. Mehatxu begirada serio batekin begiratzen dute etengabe, zerbait bilatzen ari balira bezala. Zure begirada une batez haienarekin gurutzatu da. Une batez soilik. “Joder!”

Nola ez! Zuregana doaz, beste inori ez diote molestatzen. Badirudi zuk haiek molestatzen dituzula. Hurbildu eta “me da la documentación” lehor bat botatzen dizute zutitzeko keinua eginaz. “Póngase contra la pared con las manos arriba”, gorputza ikutuz miatzen zaituzte, eta bitartean miatzailearen lagunak zure marikonera darama izkin batera. “A donde vas?”, “A Zarautz”. “De donde?”, “De Bilbao”. “Y por que motivos?”, “No, es que he estado en el dentista, y ahora vuelvo a casa a Zarautz.”, “Ya…” Lagunari begiratu eta honek belarrira zerbait esaten dio. “Si ya! Otro graciosito! jaja…”, zugana doa berriz. “Tienes el DNI caducado, te vamos a meter una multa porque hay que tener el documento nacional en regla. O no sabes eso?”, “Si, es que no me he dado cuenta.”. “Y que es este papelajo?!”, dio EHNA eskuan hartuta. “Este no lo tienes caducado eh! Pues que sepas cual es el inportante.”. Oraindik eskuak pareten kontra ipinita, eta trenaren mugimenduekin mareatzen hasita, alboko muskerra zure mobila begiratzen ari dela ikusten duzu.

Debara iristerakoan marikonera itzuli eta eseritzeko esaten dizute, ondoren trenetik atera eta alde egiteko. Lehen bagoiko jendeak kontsolazio keinuak egiten dizkizu lasaitzeko. Baina urduri jarraitzen duzu, ez dakizu non zaren. Ez dakizu zer zaren.

Natural sentitzen dut egiten dudana

"Natura"-ren kontzeptuaren inguruko ausnarketa

“Natural sentitzen dut, egiten dudana eta natural egin, sentitzen dudana…” hala dio Intsumisioari buruzko bertso sorta baten hasierak. Izan ere, gizakiari betik kezkatu izan diote “natura” eta “naturala”-ren kontzeptuek. Beti diodanean, lehen pentsalarietatik diot. Hauek ere naturaren kontzeptuarekin makina buruauste izan baitzuten.



Nik uste, natura eta naturalaren inguruan ikuspegi oso erratua dugula. Hiztegietan garbi ageri dira bi hauen definizioak. Adibide bat jartzeko, begira dezagun Euskal hiztegi entziklopedikoan: “natura: Unibertsoa osatzen duten, espazioan eta denborandiren izaki guztien multzoa”, “natural: Naturan dagoena, naturak (eta ez gizakiak) sortua, artifiziala ez dena.”



Behin “artifiziala” kontzeptua sartuta, eztabaida honek ez du inolako zentzurik. Natura, unibertsoa osatzen duten izaki guztien multzoa bada, (guztiz ados) ez da posible gizakiak sortzen duena naturala ez izatea. Logika guztia galtzen du…



Orduan seguru irakurleren bati segituan otu zaiola, “Bai, baina seguruenik “naturak” ez zuan izango deginizio bakarra!” Goazen begiratzera Euskal hiztegi entziklopedikoa: “natura(2): Mundu fisikoa, gizakiak eraldatua izan ez denaren ikuspegitik begiratuta bereziki.” Kontxo! Honek “natural” kontzeptuarekin bat egiten du! Ba bai, baina ez du inolako justifikazio zientifikorik, aurreko definizioak ez bezala. Azken deginizio hau erratua delakoan nago, denok baitakigu, gizakia sortu baino lehen, natura ere existitzen zela. Natura orden bat da, logika zail bat jarraitzen duen orden bat. Bizia sortu duen orden bat; azken finean, dena sortu duena. Dena da natura.



“Artifizial” kontzeptua


Definizio gehiago begiratu ahala, nik esandakoak zentzua irabazten du. Ikus dezagun, berriz ere, Euskal Hiztegi Entziklopedikoa. Oraingoan aldiz “artifizial” kontzeptua bilatuko dugu eta honen inguruan hausnartzen saiatuko gara “natura” eta “natural” kontzeptuekin lotuz. “artifizial: Gizon-emakumeek egina dena, naturak sortu ez duena.”



Berriz diot, honek ez duela inolako logika zientifikorik. Artifizial kontzeptua naturarekin lotu izana akats handia da, natura gure gain baitago.

“Natura”-ren erabilpen politikoa


Hizkuntzak zientzian sartzean sortu dituen akats horiek, “natura”-ren erabilpen politikoa erraztu dute. Erabilpen politikoa beti izan dugu present, bai Euskal Herrian, bai mundu osoan, denek erabili dute; hala nola, ekologistek eta politikoek. Gure moralean babestu gara beti.



Hausnarketa ugari egin daitezke honen inguruan… AHT kutsadura da, kutsadura akustikoa, kutsadura sismikoa… Zentral nuklearrak sortzen dituzten hondakinak ezin ditugu bertziklatu (edo bai, baina koste handiegia dute), hori dela eta pilatu eta pilatu egiten zaizkigu erradiazio nuklearra duten zikinkeriak. Kutsadura hemendik, kutsadura handik…



Kutsadura, onerako edo txarrerako, naturala da.




Ekologismoaren jatorri egoista ere honekin lotuta dago. Ekologista izateak, ez du suposatzen inondik inora (nahiz eta guk hori uste) naturaren babesle izatea. Inola ere ez! Ekologismoa, guk sortu dugun defentsa mekanismo bat da; morala base bezala hartuz, gizakiaren biziraupena bilatzen du. Azken finean, ekologista izatean gure burua babesteko intentzio hutsarekin egiten dugu, nahiz eta natura babesten dugula uste izan.



Ez pentsatu, inola ere ez, honekin ekologismoa txarra dela esaten dudanik; baizik eta, ekologismoak naturaren definizio hibridatua(ez zientifikoa) hartu eta zientifikoa bezala erabiltzen duela diot. Biziraupen mekanismo biologiko hutsa da Ekologismoa.



Pentsatu eta hausnartu; izan ere, gu estingitzean naturak bere horretan jarraituko du aurrera, infinitorantz.

Orakulu ustela

Bizitzako gidoia errepasatzeari ekin diot. Jaio nintzen, bada denbora… 1988.urte aldean, Tejeroren estatu kolpea baino 7 urte beranduago hain zuzen. Eta izan behar nuena, jadanik programatua zegoen. Txikitan ikastolan (ordenagailuetan) informatikako klaseetako “Logo” programako dortoka bat banintz bezala. Left and Right. Bizitza zuzendua.



Jaio nintzen 1988.urtean eta jada ia 19 urte pasa dira. Zer naiz orain? Zer naiz orain, 1988.urtean aurreikus ezin zitekeena? Ba ezer.



Ikastolara joan nintzen, txintxo, “formakuntza” jasotzera; ondoren, bizitzan zerbait izateko eta unibertsitatera joateko. Karrera bat ikasi eta lana lortzeko, eta zergatik ez emazte bat ere bai… semeak edukitzeko eta hauei ere Ikastolara bidaltzeko… eta horrela.



Unibertsitatean nago. Etorkizuna? Idatzia dut.

Lortu dute gu kontrolatzea. Masa kontrolatua edukitzea. Sistema onartarazi digute, ixilean, gu konturatu gabe. Ez baikaituzte konturatzeko fabrikatu, lanerako baizik.

All iron, All iron, el athletic campeón

Industria garaiko Bilbo ilunean, zehazki XIX. mendearen bukaeran, Athletic futbol taldea sortu zuten. Meatzeetan lan egiten zuten ingelesek sartu zuten futbola Euskal Herrian.
Partidak antolatu eta ikusleei kirol, garai hartan, harrigarri hura erakutsi zieten… liluratzeraino. Meatzeetan partidak antolatu eta irabazleei “All Iron, All Iron!” oihukatzen zieten animatu nahian, edo ospatu nahian, ingelesez “guztia burdin, guztia burdin!” hain zuzen.

Hortik datorkigu gaur egun asko erabiltzen den “aliron”; harrigarria badirudi ere, bertako hizkuntzara moldatu eta All Iron >Alliron>Alirón-en bihurtu zen. Eta athletiken liga garaipenekin fama hartzen joan ostean, gaztelaniako hitz arrunt bezala ezagutzen da.
Hau kuriositate huts bat da, baina ikus ezazue horrelako hitz batek zer nolako historia xelebrea duen… eta ziur zuetako gehienek ez zenekitela!

Beste gauza bat gehiago dakizue orain.

Bikitimatik biktimistara zenbat dago?

Armonika jotzen dudanean ez dut esaten, “zein ondo jotzen dudan harmonika!!!” ez horixe. Eta esango banu, harrokeria punttu bat litzateke nire partetik. Atzo telebista gezurkoian ikusi nuen nola milagarren omenaldia egin zitzaien terrorismoaren biktimei. Eta “biktimak” ageri ziren hitzegin eta hitzegin, eta bla bla bla eta bla bla bla. Parlamentuan biktimei buruz, “barkamena eskatzen diegu”, “Inoiz baino garrantzia handiagoa dute biktimek!” eta horrelako kontsigna gehiago.
Eta gero berriz biktimak hitzegiten, Ibarretxeri kritikatuz, edo eta EHAKren protesta “demoniakoa” azpimarratuz.
Nik uste dut horietako asko ez direla biktimak, biktimistak baizik. Eta gogorra dirudien arren, hala da. Zeren, errespetu osoz esanda, haiek ez dira ni baño gehiago eta haien iritziak nireak haina balio du euskal normlakuntzaren prozesuan. Urrutiago joanda, esan daiteke haiena askoz ere baldintzatuagoa dagoela barnean gordetzen duten amorruagatik.
Orain politikan parte hartzea eskatzen dute zenbait biktimista taldek. Biktima izatetik, biktima izateaz aprobetxatzera pasa nahi dute eta marra hori ez da igaro behar.

Carpe Diem: Zer Erremedio?

Banoala konturatu naiz; banoala aurrera, dena aldatuz doala, eta noan heinean, atzean geratzen naizela… amildegira iritsi bitarteko itxarongela batean. Orainak bahitu banindu legez dut ikusten ene burua. Garai batekoa, iragana, orain arrunt. Datorrena aldiz, etorkizuna, arrotz. Ni bitartean bide bazterrak miazkatzen. Agudo igarotzen da denbora, aldaketen jarraipena, eta bizitzan, usteak erdia ustela duela ikastera iristen zara. Beste ezertara ez.
Ikastolara bidean nostalgiaz begiratzen ninduten baserritarrak, eta haien aitzurrak farola bihurtu dira, baratzeak eraikuntza, bidexkak galtzada, eta ni… ni hiritar… ni hiritar lerdoa bilakatu naiz. Zuhaitzak igotzeaz zarpaildutako eskuak leunduta, begiak lehor eta azala hotz. Arrotz. Gizarte honen hondar huts bezala sentiarazten nau inguruak, gizarte honen arrasto, gorotz. Hor, lurrean, geratzen den simaur zati bat guztiari adio esanaz, lehortzen… norbaitek baztertu bitartean, edo soilik desagertu artean…
Carpe diem? Ba zer erremedio… ez dut beste aukerarik. Itxarongelako aldizkariak irakurri beharko ditut, dentistarenean egin ohi dudan bezala, eta amaitutakoan gurutzegramei ekingo diet, eta ondoren… bada, ondoren aldizkariak berrirakurriko ditut… eta horman dagoen argazkiari begiratu, eta jesarri izkinako aulkian eta berriz altxatu… eta ondoren aeroplanoak egingo ditut aldizkarien orriak tolestuta… ea zeinek ematen duen itzulipurdi gehien… eta berriz jesarri, eta hormari so geratu… eta lurrera botatako paperezko aeroplanoak jaso eta mahaian utzi… eta pentsatu… eta arrazoitu… eta agian berriz saiatuko naiz aldizkariak irakurtzen… agian…
Banoala konturatu naiz; banoala aurrera, dena aldatuz doala, eta noan heinean, atzean geratzen naizela… amildegira iritsi bitarteko itxarongela batean.

Hedabideak 2.0

Euskal hedabideek sarea konkistatzeari ekin diote, Kontsumitzaileengana iristeko beste ate berri bat zabaldu da. Badira makina abantaila internetek eskaintzen dituenak eta horiek baliatzen hasiak dira jada euskal komunikabide nagusiak.

Hedabide tradizionalek zuten inpaktua jada ez da hain handia. Atzean geratu dira goizean kafea hartzen egunkaria irakurtzen zuten unibertsitariak kafetegian, atzean orriak pasatzeagatik beztutako hatzamarrak. Orain bestelakoa da; batzuk esango dute xarma galdu dela, besteek horrela hobe dela, baina gauza bat argi dago, orain bestelakoa da hedabideen eragin esparrua.

Sortu berri den 2.0 teknologiak irakurlea aktibo bilakatzen du, parte hartzaile, eta hau zentzu guztietan iraultza komunikatibo bat da. Irakurleak aukeratu dezake zer irakurri nahi duen, aukera dezake berarentzat zein den titularra. Hitz gutxirekin esateko, bere egunkari propioa osa dezake. Irakurle berriak sortzen ari dira eta hedabideen erronka nagusia esparru berri honetara moldatzea da.

Honetara moldatzeko bidean dira zenbait euskal egunkari. Beraien orrialdeetan pertsonai ezagunen blogak zabaldu dituzte horretarako. Gara egunkariak habian jarritako Gaur8 gehigarria da moldaketa honen adibideetako bat, izan ere, bertan astean zehar euskal blogosferan idatzi diren idazki bozkatuenak argitaratzen dituzte.

EUSKAL BLOGOSFERA


Geroz eta hedabide berri gehiago daude, eta internetek lehia hareagotzen du. 2.0 teknologiari esker “Blog” izeneko bitakora sor dezake edonork, internet bidezko egunkari bat; azken finean, egunkari digital bat gehiago izan daitekeena eta irakurle ohia kazetari bihurtzen duena.
Euskal herrian ere bide hau urratzen hasiak dira zenbait talde; hala nola, Mundua.com, Blogak.com… bertan euskarazko bitakora andana aurki ditzakegu, bere osotasunean euskal blogosfera osatzen dutenak.



Herri aldizkariak, diru laguntza urrien eta konpetentzia bortitzaren gainetik lanean.

Herri kazetaritzak izugarrizko lana egin du Euskal Herrian. Kultura eta hizkuntza ttikiek ezin bestekoa dute herriaren inplikazioa aurrera jarraitzeko, eta “litekeenaren” edo “errazkeriaren” zulo ilunetan ez erortzeko. Hurbiltasunaren eta borondatearen kazetaritzaz ari gara, instituzioen interesetatik nolabait aske den hartaz. Azukre koxkorra kafean bezala, euskal kultura urtu ez dadin ezin bestekoa denaz.

Txaparro, Zarauzko aldizkaria da lanean dabilen herri komunikabide horietako bat. “Eta kitto!” Eibarko aldizkariaren adibidea jarraituz sortu zen Fernando Muniozguren Eibartarraren eta Zarauzko beste zenbait herritarren ekimen gisa. Musutruk lanean eta borondate onarekin, halako proiektu guztietan bezala, indartzen joan da, Gipuzkoako erreferentziazko herri aldizkari bilakatu arte. Amaia Agirre bertako kazetariak argi dio: “Komunikabideek izan behar dute Ignacio Ramunet-ek aldarrikatzen duen laugarren botere galdu hori.” Eta argi adierazi digu Txaparro herritarrei ahotsa ematen eta herritarrei interesatzen zaien oro helarazten saiatzen dela, nahiz eta batzutan zaila izaten den jende oro gustura edukitzea.

Agirreren arabera herri aldizkariek geroz eta diru laguntza urriago dituzte, eta geroz eta jende gutxiago dago doan lan egiteko prest. “Ez dakit krisi ekonomikoaren ala kontzientzia krisiaren errua den.” Bigarren krisia balitz garbi dago askoz ere okerragoa litzatekeela.

Hala ere halako komunikabideak irteera bikaina dira kazetari hasiberrientzat. Iker Gurrutxaga oriotarra kazetaritza lizentziatura amaitzear delarik, oraindik komnunikabideen ur handietan sartu gabe, Karkara Orioko herri aldizkarian dabil kolaboratzaile gisa. Ikaslearen arabera oso eskertzekoa da herri aldizkariak Orion sortu duen kazetaritza zaletasuna: “Karkara aldizkariari esker izango naiz kazetaria, guztiz beharrezkoak dira halako ekimenak, euskarazko kazetaritza biziko bada behintzat”. Kirol-zalea berau, karrerako lehen urtean eskeini zioten kirol atala berak eraman zezan, eta halako “karamelo gozoari” ezin uko egin. Karkara aldizkariak jada 20 urte luze bete ditu eta baita internetera salto egin ere karkara.com web-gunearekin.

INTERNETEK ORDAGO


Internetek iraultza suposatu du arlo guztietarako. Eta kazetaritzari noski eragin izugarria egin dio. Teknologia berriek; hala nola, 2.0 teknologiak, p2p… komunikazioaren arloa erreboluzionatu dute. Honek ez dio onura besterik eman herri kazetaritzari,Proxy-Connection: keep-alive
Cache-Control: max-age=0

ta herrigintzari orokorrean. Jada edozeinek egin dezake bitakora bat interneten; nolabait, edozeinek zuzendu dezake bere alProxy-Connection: keep-alive
Cache-Control: max-age=0

zakari birtuala eta hori kazetaritza da. Herri kazetaritza, herritarrek egiten duten heinean. Euskal herrian ere bide hau urratzen hasiak dira zenbait talde; hala nola, Mundua.com, Blogak.com

Zu Zeu.com web-gunea da sortu den kimu berrietako bat. Hasier Etxeberria idazleak sortu duen orrialde honen helburua besteak beste, erabiltzaileek euren albistari digitala sortzea da. “Euskaldunek munduari begiratzeko lehio moduko bat” bezala definitu du ekimenaren sortzaileak. Nolabait irakurleak idazle bilakatuko ditu, eta idazleak irakurle, “joan etorriko” kazetariak bilakatuko dira erabiltzaileak. Planteamentu berri bat bezala sortu da, Etxeberriak interneten jarraitzen zituen zenbait leku frantsez eta espainiarretatik osagai onenak hartuta. Bi baldintza besterik ez ditu izango argitaratzaileak giza eskubideak errespetatzea eta euskaraz izatea. Harri bat gehiago globalizazioaren bidean.

ETORKIZUNARI HELDUAZ

Ignacio Ramunetek ondo zioen legez komunikabideek laugarren botere hori izan behar dute. Laugarren botere “galdu” hori. Eta hori izateko bidea luze eta gogorra izan arren, badu helmuga bat. Iritsi daiteke botere hori lortzera, batez ere, Euskal Herrian. Botere hori lortzeko ordea ametsari heldu behar zaio, kazetaritza independienteari, interes eta handi-nahirik gabekoari, erromantikoari, herri kazetaritzari, etorkizunari.

Autoeskolero madarikatuak!



Urte guztian zehar ohituta egoten gara, herri barnean autoa gidatzen goazenean, ‘eroak’ sahiesten. Oso azkar gelditzen dira, gutxien espero duzun lekuan, gutxien espero duzun unean. Langile finak bai, baina, gidari eskasak. ‘Eroak’ derrepentean hasten dira martxa atrasarekin maniobra arraroak egiten eta normalean lana amaituta presa izaten dute. Mota askotakoak daude; fruteroak, basureroak, panaderoak, pasteleroak… eta uda amaieran batez ere, ‘autoeskolero’ madarikatuak.

Madarikatuak bai, mila aldiz madarikatuak hainbat gidariren ahotan. Jendeak segituan ahazten du gidatzen ere ikasi behar dela, eurak ere noizbait ‘ero’, zehazki autoeskolero izan zirela. Presak agintzen du galtzadan. Nork ez du oroitzen bada gidari hasiberri garaia, dena berria zen garaia, bost gauza batera egiteak besoak izerditzen zituen garaia; enbragea, azeleragailua, balazta, kanbioak, parabrisasa, argiak…. “AAAAA!” Izugarria zen lehen egun haietan ezta? Bada ez diezaiegun zailagoa egin oraingo hasiberriei!

Uda amaieran kaleak ‘ero’ hasiberri hauen betetzen dira, badakizue, gehienak ikasleak direnez, oporraldia baliatzen dute karnet madarikatua ateratzeko. Mila aldiz madarikatua ikasleen ahotan. Azterketa teorikoa gora eta behera; “linea discontinua”, “preferencia de señales luminosas”, “velocidad genérica” eta “gauza garrantzitsu” gehiago. “Esandidate” ugari ahotan, beldurra airean. “Jo esan didate galdera hau sartzen dela!”, “Jo esan didate testetan agertzen ez diren beste galdera hauek ere galdetzen dituztela! Kabroiak!” eta “esandidate” eta “esandidate”, beti “esandidate”. Gauza ez da aldatzen praktikoarekin. “Hi esan zidatek Azpeitiko kruze hua segundan hartuz gero kakaztu dekela!”, “Bai, no jodas!!”, “Bai! Eta Tatxer tokatze bazaik examinadora kakaztu dek!”, “Ostiaaaa….”. Denak elkarri beldurra sartuz, errepikatzaileen istorio beldurgarriak entzuten. Ia kondaira direnak, kondaira madarikatuak. Mila aldiz madarikatuak maisuen ahotan.

Eta azkenean zer? Zertarako hori guztia? 120Km/h jartzen duen lekuetan 145Km/h-ra joateko, zebrabideetan ez gelditzeko, Stopak saltatzeko, segapototik hitz egiteko gidatzen goazen bitartean eta noski ‘autoeskolero’ mantsoak madarikatzeko… madarikatuak!

Udako kontuak- Naparrak hondartzara... egin dardara

Naparrek hondartza konkistatzen dute urtero uda parte honetan. Baina nola jakin nor den naparra eta nor ez? Zer napar mota daude gure hondartzetan? Zer ezaugarri dituzte? Teknika bereziak garatu ditugu gure koadrilan horrelako kontuez jabetzeko.

Goizean goiz eguneroko kafe eta egunkari dosia hartzera joan naiz Amaloi kafetegira. Kafea eskatzearen truke, bertako nagusiak, beti uzten dit prentsa doan irakurtzen, horregatik noa beti hara. Hala ere, jada ezingo nuke lekuz aldatu, ohituegia bainago bertako elkarrizketetara, bertako giro epelera eta aiton-amonen goizeko agurretara. Han pasatzen da egunero periodikoa eta ogi barra erostera Pello Esnal, egunero esaten dit zerbait kuriosoa, nere irakurketa irriparre batez geratzen duena. Tira errutina kontuak hauek.

Gaur segituan amaitu da Diario de Navarra. Ez dut denborarik izan irakurtzeko… “Mmm… seinale txarra hori”. Izan ere, egunkari honen aleak bukatzen direnean, napar inmigrazioak gora egin duela esan nahi du. Udako kontuak hauek, Zarautz napartzen duten kontuak. Itxura plaieroa zuten hainbat pertsona geratu dira alerik gabe eta detaile ttiki batek nau harritu; naparrak izanik, ez al lukete Diario de Navarraren ordez Noticias de Navarra egunkaria hartu behar? (Ale ugari dira beti apalean) Bada ez, gehienek El País edo El Mundo hartu dute. Kuriosoa. Gipuzkoan ere antzekoa gertatzen da Diario Vasco madarikatua ez dagoenean.

Irakurketa saioa amaitu eta etxera bidean nindoala, Euskotren geltokiaren parean, autobus bat ikusi dut jendez gainezka. Ateratzen ari ziren. Ezagutzen nituen hainbat naparbus; hala nola, La Burundesa, La Estellesa, La Sanguesina… baina goizean ikusi dudana ez nuen sekula ikusi: La Vianesa delakoa. Bat gehiago. “Uffa! earra eguna datorrena”, pentsatu dut.

Bai, Zarautz udan naparrez gainezka izaten da. Hondartzara joan eta segituan nabaritzen da nor den naparra eta nor ez. Lagunen artean beti pentsatu izan dugu dokumental bat ere egin zitekeela kontuarekin. Nola jakin nor den naparra? Erraza erantzuna, zu hondartzara bazoaz, napar bat aurkitzeko modu errazena ur ertzera joatea da. Marea gora datorrenean azkenak mugitzen naparrak izaten dira; azkenak mugitzen eta lehenak bustitzen. “Si tranquilo, que todavía hasta que llegue el agua aquí! Que fresca la brisa marina” eta han etortzen da olatua berarekin eramanaz toaila, Diario de Navarra eta bartulo guztiak.

Naparrak detektatzeko beste modu bat gainean daramatenari erreparatzea da. Detaileak izaten dira, askotan begi arruntentzat ikusezinak, baina, guk koadrilakook ikusmen berezi bat garatu dugu horrelakoez konturatzeko. Batetik propaganda txapelen bat daramate; dela Patxaran la Navarra, dela Caja Navarra… Bestetik, plaieroen pack berezia identifika daiteke; tunbona, pare bat jesarleku plegable, sonbrila eta, garrantzitsuena, freskera (gehienetan urdina).

Lehenago aipatu bezala begibistan izan ohi dute Diario de Navarra egunkaria. Freskera gainean edo toaila gainean egoten da beti.


Orain arte definitutakoa da detektatzen errazena den napar mota. Baina bada beste klase kamuflatuagoren bat ere. Gazte napar euskaldunak dira zailenak detektatzen, baina, abilezia pixkatekin aurki eta identifika daitezke hondarretan. Hauek aurkitzeko belarria oso adi izan behar da, eta ahal izanez gero euskalkietan aditua den norbait eraman zurekin. Nafarroako hizkera ezin baduzu bereizi edo ez baduzu adituren bat zurekin, erdarara jotzen dutenean identifika ditzakezu erraz. Esan daiteke napar mota hau askoz ere integratuagoa dagoela hondartzako ohitura estandarretan, alboratu baititu freskera eta sonbrila.

Tira bada, azkenean denok ez al gara ba naparrak? Ez al zen izan Nafarroa zazpi probintziak batera eduki zituen estatu bakarra? Beno nik hori esaten diot nere Iruñeko lagun minari identitate arazoak ditudanean, naparra naizela. Eta zer letxe, Gipuzkoa Nafarroa da! Eta Zarautz Nafarroa da ere! (…)Udan inoiz baino gehiago.

Creedence Clearwater Revival, rocka sua dariola

Nola ez duzula ezagutzen Creedence talde estatubatuarra? John Fogerty abeslari eta gitarristak gidatzen zuen taldea eta 60 eta 70.hamarkaden artean sekulako sona lortu zuten. Hona hemen amua…

John Fogerty ren ahotsari sua dario.

Ekaitz elektriko batek bezala botatzen ditu tximistak ahotik zure belarrira eta paralizatuta geratzen zara. Rock and Rollaren morroi.

Talde estatubatuarrak fama 1967an lortu zuen Saul Zaentzekin disko bat grabatu zuenean. Fogerty eta Doug Clifford soldaduskatik itzuli berri ziren eta taldeari izena aldatu behar izan zioten Zaentzi ez baitzitzaion batere gustatzen “The Golliwogs”, ordura arte zutena. Orduan CCR izena aukeratu zuten. Izen kuriosoa; izan ere, abeslariaren lagun baten deituratik (Creedence Nuball) hartu zuten lehen hitza, eta bigarrena aldiz, garagardo iragarki batetik: “Clear water” (ur garbia).

Behin izena aldatuta, haien lanak utzi eta gogor entsaiatzeari ekin zioten. Lan honen emaitza izan zen Creedence Clearwater Revival diskoa. Sekulako sona izan zuen Atlantikoaz bestaldeko irratietan eta telebistetan. Kontuan izan behar da garai hartan hasi zela kultura pop-a garatzen AEBtan, kritikoek beraz, begi onez ikusi zuten proiektua.

Hau izan zen haien lehen single-a, Suzie Q

SUZIE Q

Oraindik lehen diska aurkezten ari zirela, 1969an Bayou Country albuma grabatu zuten Los Angeleseko RCA estudioetan. Diskoak Billboard-en listetan 7.postua lortu zuen eta hurrengo urteetan lortuko zuten famaren aurrekari izan zen. Disko honetan zazpi kanta zeuden eta zazpirak sekulakoak. Baina denetan ezagunena zalantzarik gabe “Proud Mary” kantua izan zen. Bob Dylan berak esan zuen 1969.urteko single hoberena bezala ikusten zuela, ez da gutxi gero…

PROUD MARY


Hurrengo diskoa denborarik galdu barik 1969ko abuztuan grabatu zuten. Green River izenpean izan zen kaleratua, honek ere emisorak apurtu zituen “Green river” eta “Lodi” single-ekin, urrezko diska izendatu zutelarik.

LODI

Disko honen ostean beste lau ere argitaratu zituzten (Willy and the Poor Boys, Cosmo’s Factory, Pendulum eta Mardi Gras), baina ez dut nahi astuna izan. Jakin zazue 1972.urteko urriaren 16an taldea disolbatu zela. Zergatik? Bada azken diskak ez zuelako piperrik saldu, bakoitza bere aldetik hasi zen ibiltzen, elkar gaizkiesaka. Eta azkenean zulora. Pena da.

Nik uste amua bota dizuedala, pastel gozo bat daraman amua. Ez dakit ezagutuko zenuten taldea, ziurrenik bai. Hala bada gozatu berriz entzuten, berpiztu sentsazio zaharrak, melankolia… eta ez bazenuten ezagutzen saltseatu interneten, badira eta makina bat bideo kurioso. Gogor sartuko zaizkizue doinuok tinpanora; izan ere… John Fogerty-ren ahotsari sua dario.

Musika librea, “Audioaren Youtube”


Audio fitxategiak igo, musika librea entzun edo jaitsi, zure taldearen diskoa promozionatu nahi duzula? Hemen dituzu bi webgune interesgarri hori guztia eta gehiago egiteko: GOEAR eta JAMENDO

Interneten audio fitxategiak nora igo ez nekiela-eta bilatzeari ekin nion. Badakizue; foro bat eta beste bat, eta ondoren beste bat. Googlen gora eta behera, hau irakurri, ondoren hura… azkenean Goear.com web-guneari buruzko erreferentzia bat aurkitu nuen. “Es como el youtube de los archivos de audio” jartzen zuen foro bateko sarreratxoan.

Youtuberen antzeko funtzionamendua du bai. Erregistratu eta *.mp3 motako fitxategiak igo ditzakezu, denentzat entzungai ipiniaz sarean. Talde ugariren kantak aurkitu eta jaitsi daitezke bertatik doan. Erraminta interesgarria benetan.

Jamendo, musika librearen talaia

Bada ordea barrenean musika ugari gordetzen duen beste web-orri bat: Jamendo.com. Creative commons lizentzia duten mundu osoko talde eta bakarlariek haien diskoak igotzen dituzte bertan. Web-orriak, musika eskaparatean ipintzeko aukera emateaz gain, publizitate irabazien portzentai bat ematen die taldeei. Era berean entzuleek aukera dute gustuko musikariei Pay-pal bidez diru-laguntza emateko.

Komunikabideen talaia 2.0

Blog berri honetan, EHUko ikasleek euskarazko hedabideen eta bertan erabiltzen den euskararen kalitatearen inguruan egindako lanak izango dira ikusgai besteak beste. Leioako Komunikazio zientzien fakultatean jaio da ekimena eta jada badira zenbait artikulu jaisteko web-gunean.

Kotalaia bloga sortu du EHUko komunikazio eta zientzien fakultateko ikasle talde batek, Euskararen Araua eta Erabilera irakasgaiaren testuinguruan. Bertan ezagutzera emango dira ikasleek zein irakasleek egindako gogoetak euskarazko komunikabideen, euskararen erabileraren eta euskararen kalitatearen inguruan. Edonola ere, blog irekia da Kotalaia 2.0, eta beste edozeinen ekarpenak ere gogo onez jasoko dira bertan.
Ekimen honen bidez hiru helburu nagusi bilatzen dira:

* Euskarazko komunikabideen egoera aztertzea
* Komunikabideek euskararen normalizazioari eta garapenari egiten dioten ekarpenaz jabetzea
* Komunikabideetako hizkuntza-ereduaren iturriak eta ezaugarriak ezagutzea

Horretarako hainbat proiektu jarri dira martxan: liburuen irakurketak, ikerketa-lanak, eztabaidak… Proiektu horien txostenek osatzen dute Kotalaiaren funtsa. Baina, irakurleen balorazioak, iritziak eta bestelako ekarpenak dira blogaren pizgarri nagusia.

Unibertsitatearen talaiatik Euskal Herri osoko hedabideak izan nahi ditu aztergai Kotalaiak. Horrela bada, ongi etorriak izango dira bertan herri-aldizkari, tokiko komunikabide eta interneteko hedabideen berri emango duten albiste eta lanek; baita, euskararen erabilerarekin eta kalitatearekin zerikusia duten gogoetek, eta ikusentzunezkoen munduan dabiltzanen ekarpenek ere.

Zabaldu berritan blogak izan duen mugimendua bizkorrak ondo erakusten duenez, begi-pare asko ari dira jada Komunikabideen Talaiatik begira. Eta egindako iruzkinen arabera, bertatik ikusitakoak eman die zer pentsatu eta zer eztabaidatua.

Gustu baduzue, egin bisita http://www.kotalaia.wordpress.com helbidean.

EAJ, Alkarbide, EA, Aralar, HB… Alderdi aniztasunaz

Ni oraindik jaio ez nintzenean, alderdi komunisten aniztasuna, gaur egun abertzale “ezkertiarrek” dutenaren antzekoa zen. Komunistak joan zaizkigu. Abertzaleekin zer gertatuko ote da?

Ez nintzen jaio oraindik, hainbeste min sortu zuen, hainbeste aldiz kontatu didaten frankismoaren ondoren, lehen hauteskunde autonomikoak ospatu zirenean. Ospakizuna, demokrazia gosea, politikarako irrika, ametsak, esperantza, kimerak eta sekulako xarma. Zein ilusio proiektuak aurrera eramateko. Han ziren, Eskuin abertzalea(PNV), ezker abertzalea(HB, EE), Sozialista españolak (PSOE, PSOE(H)), eskuin española (AP, UCD) eta azkenik, indartsu, komunistak (PCE, EMK, ESEI, LKI, PTE, PST, UC, Ikea, Carrefour, Eroski…)

Hauteskundeen datu biltegian begiratu eta harrituta geratu naiz. Zer aniztasun! Kontziente naizenetik alderdi komunista bakarra ezagutu dut Euskal Herriko Alderdi Komunista (EHAK), jada desagertarazi dutena. Eta hainbeste batera ikusteak denboraren makina asmatzeko gogoa sartu dit. Pena ezin dela. Han banuen aukeratzerik bahintzat. Haserre jaiki ezkero Stalinista, melankoliko jarri ezkero Troskista edo Leninista, ezkerreko hankarekin esnatu ezkero Maoista… gosez jaiki ezkero komunista tortillazaleak, gose barik jaiki ezkero begetarianoak… Hori bai demokrata izatea! Idealak denaren gainetik! Nola ez, horregatik dute orain hainbeste indar!

-Hi, ixildu ai.

Ostras pedrin egia jarleku bakarra dute… nolatan hain beherakada handia? Orain guztiak alderdi bakarrean bilduta daude. IU. Eta alderdi “komunista” horrek jarleku bakarra du kongresuan (Llamazares). Hori bilakaera… Berriz ere denboraren makina asmatzeko gogoa sartu zait. Kristoren gogoa dut, itzuli eta alderdi horien buruei gaztako eder bat emateko.

Baina lasai, lezioa ikasi dugu ezta? Komunistak desagertu dira, baina abertzaleok ez gara tranpa berean eroriko… guk burua pentsatzeko darabilgu. Denok batera estatu independiente euskaldun baten bila! Bai horixe! Zein estratega onak ditugun “gure” alderdietan…

-Hi ixildu ai!

Ostras pedrin egia PNV-en banaketa egon zen-eta! EA sortu zen! Eta gero EA banandu zaigu! Eta Alkarbide sortu da! Eta HB banandu zen, Aralar sortzeko! Eta Iparraldean hiru alderdi abertzale bananduta aurkeztu dira europar hauteskundeetara, eta Ibarretxe eta Imaz ez dira lagunak oraindik… Eta La Sexta eta cuatro elkartuko dira… eta Basagoitiri futbola gustatzen zaio, eta Haimar Zubeldia Astanan, eta BBK eta Kutxa ez ziren fusionatu… eta Patxi Lopez lehendakari… Eta Fernando Alonsok ezin du karrerarik irabazi… Erreala beste urte bat segundan… Kafeak 0,80 zentimo balio du… krisia! Krisia! Krisia!!!

Hori gertatzen da interes pertsonalak, sozialen gainetik ipintzen direnean.

-Hi ixildu ai!

- Bale ba…

Saharan Desertec eguzki-energia parkea sortu nahi dute

Proiektu honen bitartez, Europako energia eskariaren %15a eta ekialde hurbileko zein ipar afrikako bi heren bete nahi dira 2050. urterako. Afrika bihurtuko al dugu gure arazo energetikoen konponbide?

Eztabaida energetikoa pil-pilean da. Lurraren berotegi efektuagatik eta petroleoa eta ikatza amaitzen ari direlako bi alternatiba geratzen dira: Nuklearra eta energia berriztagarriak. Lehenengo bidea nahiko ilun ikusten du jendeak, izan ere, duen arriskua handia da eta hondakinak ezin dira ez bertziklatu ez desagertarazi. Oker nabil, desagertaraztea lortu da baina koste ikaragarri handiarekin. Beraz ez da bideragarria. Bigarren bideak aldiz beste arazo bat darama berarekin, ez dela deus inbertitu ikerketan. Zergatik hau? Enpresa handiek petroleoarekin azkeneraino etekinak lortzen jarraitu nahi dutelako eta energia berriztagarriak merkatuan kontrolatzea askozaz ere zailagoa delako. Nork kontrolatzen du eguzkiaren argia, nork ura, nork haizea? Denon ondare dira, denok erabil ditzakegu, beraz etekin ekonomikoa ateratzea zailagoa da.

Guztia airean dagoen bitartean, uztailaren 13an Munich-en Munich Re aseguradorako eta “Club de Roma” delakoaren bozeramaleak elkartuko dira “Desertec Industrial Initiative” proiektuaren inguruan berba egiteko. Proiektu honen bitartez eguzki-energia parkea handi bat eraiki nahi da Saharako basamortuan arazo energetikoei aurre egiteko. Helburu zehatza, 2050erako Europako energia eskariaren %15a asetzea da. Bestalde, iniziatiba honen bidez, Ipar Afrikako eta Ekialde Hurbileko eskariaren bi heren ere ase ahal izango da.

Desertec iniziatiba aurrera daramatenek diotenez, basamortuan 6 orduz jarraian jasotzen den energia, gizateriak urte osoan zehar kontsumitzen duena baino handiagoa da. Beraz zenbaki hauek kontuan izanik, Andaluziaren tamainako lur sail bat erabiliko balitz parkea egiteko, mundu osoko eskaria asetuko litzateke, eta Bartzelonako probintziaren tamainako lur sail batekin aldiz Europar komunitatekoa. Batzuek uste dute iniziatiba honekin kanpoko lurraldeekiko dependentzia igoko dela eta ez dute begi onez ikusten, beste batzuek aldiz kolonizazio modu gisa ikusten dute. Polemikarik gero ez da falta.

Inbertsio ikaragarria

Michael Straub proiektuaren zuzendariak dioenez 40 urtetan zehar egingo den inbertsio ikaragarri bat da, eta diru gehiena enpresa pribatuek jarriko dute. Hala ere, lehen urteetan beharrezkoak ikusten ditu diru laguntzak erregai fosilekin leihatu ahal izateko. Gainera ez omen da lurralde eta estatu bakar batean eraikiko: “Lurralde eta administrazio ezberdinetan eraikitako parkeen sare bat izango da”

Monotema izatera behartuta




Monotema izatera behartuta sentitzen naiz, ez baitut 'cambioaren' inguruko gauzak irakurri besterik egiten. Baina ez bilatzen nabilelako, goizero periodikoa erosi eta horixe agertzen delako baizik. Patxi han eta hemen, Eusko Jaurlaritza eta nazionalismo gaiztoa, indentitatearen "eztabaida antzua" eta horrelako lelokeriak. Oraingoan ez naiz ari turismoaz, ez eta propaganda politikaz, (edo akaso bai?) oraingoan, berriz ere, eguraldiaren mapaz ari naiz.

Euskalmet-ek bere eguraldiaren formulazioa aldatu du; hau da, eguraldiaren mapak jadanik EAEren errealitate instituzionala islatzen dute. Honela Nafarroa eta Iparralde Burgosen eta Errioxaren mailan geratzen dira. Gora sozialistak! Rubialek hau ikusiko balu...

Turismo berria



Bihar aurkeztuko dute 'Cambioaren' Eusko Jaurlaritzaren turismo aurpegi berria. Itxura berritzaile bat eman nahi izan dute, eta esparru turistikoan ere 'canbioa' gauzatu. Nola ez! Espero zitekeen ezta? Bada ez da harritzekoa ere sortu duten eslogan berria nazionalismoen identitate gatazkatik at dagoena bide batez: Basque Country, Euskadi, Spain. "Toma ya!" edo "Ole!" esango du Casa del Pueblo bateko norbaitek. Ez da gutxiagorako, Euskal Herria banandu nahi dute, EAE Espainian integratu... baina ez dute lortuko. Ez horixe.

'Sasikume Madarikatuak'

Azken aldian vasco-español libertadoreek abertzaleak naziekin parekatu dituzte hedabideetan. Hau behin eta berriz irakurrita eta Tarantinoren ‘Malditos Bastardos’ pelikula ikusita, pelikula berri baterako argumentua otu zait Alejandro Amenabarrentzat!

Tarantinoren azkenak ez ninduen harritu. II. mundu gerraren karikatura bat erakutsi dio ikuslegoari; bere estilo propioarekin, odol ugari, biolentzia eta ironia. Renoir zinemetatik atera eta ikasturtearen hasierak eragindako sukarragatik edo egunkarietan irakurritako abertzaleen eta nazien arteko konparaketak eraginda ‘Euskal Sasikume Madarikatuak’ filma irudikatzeari ekin nion.
Filmaren titulua: `Sasikume Madarikatuak’
Hona hemen aktoreak:
Brad Pitt-en lekuan Rudolf Ares irudikatu nuen, kopetean lauburuak labanaz tatuatzen abertzale gaiztoei. “Horrela ez gaituzte inoiz ahaztuko! kar kar kar!”. ‘El oso judio’ beharrean, agian hobe, ‘El oso vasco-hispano’, golfeko makil batekin abertzaleei potrotan emateagatik ezaguna. Honen papera ederki beteko luke Barredak, gorbata eta guzti. Hugo Stiglitz-en lekuan zergatik ez jarri Josu Jon Imaz (alias: PetroJon!)
Guzti hauek azkar asko emango liekete egurra abertzale separatista genozida maltzurrei! Ala ez? Amenabarrek badu argumentua hurrengo pelikula filmatzeko.

Monday, January 18, 2010

Nola bihurtu Euskalduna Jauregia Kafe Antzokian?

Atzo lortu zuen Elliot Murphyk. Areto "txiki" osoa zutik jarri zuen gutxienez 4 aldiz, eta amaieran kantu bat jo zuen ekiporik gabe, a capella. Txalogarria ikuslego euskaldunarekiko izan zuen hurbiltasuna eta konplizitatea, eta are txalogarriagoa bere musika jarioa.

Aretoak bete-beteta jaso zuen Bilbon Elliot Murphy. Txalo ugari eta ixiltasuna artista estatu batuarraren lehen kantua aditzeko. Horrelako kasuetan ohi den bezala, asko errespetatzen dira txalo eta txalo arteko ixiltasunak; batek esango lukeen bezala: “Ez da Kafe Antzokia!”

Bikote eta banda formatutan jo ohi du Murphyk eta, atzo gauean, bikoteaz gozatzea tokatzen zen. Olivier Durand kitar-jole bikainak laguntzen zion atmosfera sortzen, hutsuneak betetzen. Hau ez da batere erraza bi gitarra akustiko eta ahotsa soilik dituzunean jendaurrean luzitzeko. Elliot eta Olivierrek oso ondo prestatua zuten ordea, nola ez; Olivierren kitarra akustikoak distortsio eta efektu ezberdinak erabiltzen zituen, gure belarrientzat gozagarri, bazirudien banda oso bat zegoela teloiaren atzean jotzen. Murphyk urteak igaro arren ez du indarrik galdu, eszenatokian 20 urteko gaztea dirudi, kanta bakoitzean kitarra desafinatuaz.

Komunikazioa izan ohi da ardatza jendea irabazi nahi bada. Eta idazle eta kazetari ere baden Elliot Murphyk ederki daki komunikatzen: “NYen bizi den amari, Josephin-i dedikatuko diot hurrengo kantua”, ixiltasuna, “Nire amak deitu zidan lehengoan eta galdetu zidan: “, irriak, “Bilbaon ama”, irriak, “Ño! Bilbaok benetako rock&roll hiria izan behar du gero! Beti han zaude eta!”, irriak eta txalo zaparrada. Dagoeneko publikoa poltsikoan izan arren, gero Athletic-i dedikatu zion kantu bat, eta kable bat gaizki funtzionatzen hasi zenean zera esan zuen: “oh kaka, kable honek Real Madrilekoa behar du izan!”

Esan bezala badaki komunikatzen. Kantu indartsuenetan argiak pizteko agindu eta jendearen parte hartzea eskatzen zuen zutitzeko esanaz. Kontzertua zutik eta dantzan amaitu genuen Euskaldunako areto txikian, hau ez da ohikoa izaten Musiketan zikloaren barnean.

Atzo erakutsi zigun Elliot Murphyk, nola bihurtu Euskalduna Kafe Antzokian.

Artikulua Zuzeun

Sunday, January 17, 2010




Izenburuan hala jarri arren, hobe galdera bezala planteatzea. "Jexuxmai Lopetegiren gailurra?" Musikari zarauztarrak 'Izar Uxo' lana aurkeztu du Elkar diskoetxearekin. Sarrionandia, Julen Zulaika, Jose Luis Padron eta halako literatoen olerkiak musikarekin uztartuaz argitaratu duen lanak lehenengo entzunalditik lotzen zaitu.

Diskoen industria, edo hobe esanda diskoetxeena, erortzen ari den honetan Jexuxmai Lopetegi zarauztarrak KD berria ateratzea lortu du. Elkar diskoetxearekin ‘Izar Uxo’ izenpean atera duen lanarekin orain arteko mugak apurtu ditu; soinu bikaina eta lirika ederrak ezin hobe uztartuta.

Rockeroa atera zaio diskoa, indartsua, baina tarteka, betiko Jexuxmairen ikuitu lasaiarekin. Ruper Ordorika gogora ekarri dit pare bat kantutan eta U2 beste pare batean. Hor tartean dabil balantzaka Lopetegi, beti ere, jazzari uko egin gabe guztia apaintzeko.

Jendeak ezarrita dagoen linbora jotzen du, diskoak erosterako orduan

Zarautzen Kafetoreron jo zuen kontzertuak animatu ninduen ‘Izar Uxo’ erostera eta ez naiz damutu, entzun orduko penatu egin naiz. Penatu, entzungo ez duen jende guztiagatik. Penatu naiz, jendeak ezarrita dagoen linbo mediatikora jotzen duelako, eta linbo horretatik at badaudelako atentzioa merezi duten artistak. Apustu bat dakartenak, salbuespenak.

Horietako bat da Jexuxmai, horietako bat ‘Izar Uxo’.



http://myspace.com/jexuxmailopetegi

“Presoak Euzkadira!” EAJren aldarrikapena?


Larunbatean Mundakara joan nintzen familiarekin, eta hondartzara nindoala hor goiko argazkian agertzen den pintada hori aurkitu nuen. Pentsatzen hasi nintzen orduan: “EAJko gazteei zer gertatzen zaie zahartzean, erregionalista bihurtzen al dira? Nik J.J Imaz behintzat ez dut imajinatzen pintada horiek egiten.”


Abertzaleen krisia dela eta ez dela, sekulako eztabaida piztu da Euskal Herrian. ETAren jarduna aitzakiatzat hartuta, alderdi nazionalista espainolek (PSOE eta PP), deslegitimazio prozesu sakon bat jarri dute martxan kontrolatzen dituzten hedabideen bitartez. Haien helburua hainbeste aldiz oihukatu duten sasi-aldaketa hori benetako aldaketa soziologiko bihurtzea da. Baina orain arte ez dute lortu, identitate arazoaren ondorio baitira gatazka politiko zein armatua, eta noski hori euskal gizarteak ez du ahazten. Arazoa da, ea etorkizuneko belaunaldiek ahantziko duten ala ez. Horretan datza orain abertzaleen kezka.

Esparru abertzalean lidergoa EAJk du (oraingoz), Sabino Aranak sortu zuen alderdi independentistak. Hala ere, jada hainbeste ñabardura aurki daitezke alderdi honen diskurtsoan, ezen ezin baita jakin benetan zer den. Eurek ba al dakite zer diren? Euskal gizartearen gehiengo abertzaleak ez du ulertzen nola egon daitezkeen alderdi berean J.J Imaz eta J.J Ibarretxe. Ezin du ulertu EAJk duen konplexua independentzia aldarrikatzerako orduan; batzutan badirudi alderdi erregionalista bihurtu dela. Ez dakit “pendulo patriotico” delakoa izango da… edo gripe A…

Larunbatean Mundakara joan nintzen familiarekin, eta hondartzara nindoala hor goiko argazkian agertzen den pintada hori aurkitu nuen. Harritu ninduen, bai. Eta pentsatu nuen “PNVko gazteak euskal presoen aldeko aldarrikapenak egiten… ño zelako nahasmasa daukadan buruan.” Izan ere, Gipuzkoan behintzat ez dut halakorik sekula ikusi, sekula ere ez. Orduan zer, EGIko gazteak inor baino independentistagoak dira, baina EBBra salto egitean apaldu eta erregionalista bihurtzen dira. Edo hori, edo horrelako jeltzaleak ez dira sekula “kupulara” iristen. Argi dut behintzat Eusko Alderdi Jeltzalea bide okerretik doala, jada ikusi da nondik eta noiz lortzen dituen boto gehien, esparru abertzaletik datozkio botoak. Behingoz konplexuak kendu eta independentziaren aldeko politika egin beharko luke, ETAk ondorio izaten jarraitzen duela onartuz eta bere aldarrikapenak lasai eginaz. Bestela garbi dago berandu baino laster indarra galduko duela euskal gizartean.

Ezker abertzaleak lortu dezake lidergoa EAJren kaltetan. Baina horretarako, ETA da arazoa. ETAren jardunak jarraitzen duen artean, ezker abertzaleak ezingo du gehiengo bat lortu Euskal Herrian. Hor dago HBren erronka; euskaldunok aitortu diogun botere hori, ezkertiar abertzaleak gidatzeko potentzial hori lehenbailehen erabili behar du. Bestela akabo. Nork pentsatzen du orain estatu espainiarrak negoziazio prozesu bat jarriko duela martxan? Nork? Zaila da konponbidea, baina erreflexio sakon bat egin ondoren aurkituko dutenaren esperantza dut. Ea udazkenean ematen den konponbide horretara iristeko lehen urratsa.

Kaleko poeta: Poesia komuneko paperean

“Niri ez zidaten inon inoiz larrutan egiten irakatsi, ez besarkadak ematen, ez sentimenduez hizketan. Nik pelikuletan ikusi eta irudikatutako eszenak interpretatu nahi izan nituen ohean, arrakasta etsigarriz.” Imanol Epelde (27zapata.com)

Komunikazioa maite dudan heinean, ezin arbuiatu poesia fantastikoa, ezin alboratu olerki errukarriak, eguneroko errutinaren fantasia dramatikoa biluzten duten istorioak. Komunikatzea ez da batere erraza. Sentipen bat, une bat, begirada bat, ezinegon bat idazteak, transkribapen lan brillante bat eskatzen dio idazleari. Burutik pasatzen zaizkigun hamaika ñabardurak, ahazten errazak direnak, ahulak hasiera batean, paperaren gainean indar izugarria irabazten dute, olerkiari edo une horren deskribapenari, identitatea emanaz. Egun txar bat edonork oroi dezake, baina egun hori paperean betirakotzea eta beste norbait irakurtzean identifikatua sentitzea gutxi batzuen bertutea da.

Kafetoreron Bi anaiak akzioan ikustean ez nuen poesia ikusi, ez eta rapeoa. Ez nuen rapeo poematuaz gozatu, ez. Ez nuen poema rapeatuekin burua aurrera eta atzera mugitu. Kafetoreron Bi anaien artelana ikusten ari nintzela protagonista sentitu nintzen kontatzen zituen istorioetan. Barren barreneko sentimenduak azaleratu zizkidan, egunero bizi ditudan kontuak fantastiko bihurtu nituen Imanolen eta Mattinen laguntzaz. Tira agian nire paranoiak dira; baina orain, kalean ibiltzen noanean, Amaloi kafetegian asteburu goizetan edo komun zuloan bertan, Imanolen poemak edonon aurki ditzaket.

Saturday, January 16, 2010

‘Vaya semanita’, txiklea apurtzen denean…


‘Vaya Semanita’ saioak urte ugari daramazki jada eta Andoni Agirregomezkortak zuzentzen duenetik umoreak zapore txarra hartu du. Txisteak txarrak izateaz gain, gustu txarrekoak ere badira. Oso partzialak, eta hainbati mina eragiten diotenak. El País-en elkarrizketa egin zieten abuztuaren 7an “EL CAMBIO POLÍTICO EN EUSKADI” zintapean.



Duela urte dezente, EAJ oraindik boterean zenean, ETB2an programa batek argia ikusi zuen. Oscar Terolen gidaritzapean hasi zen Vaya Semanita saioa eta debora gutxian ikuslego handi bat lotu zuen gauero telebistara. Umore berritzailea zen, ikutu politarekin, eta irria eragiten zigun euskaldunoi. Zergatik? Bada geu parodiatzen gintuelako eta parodiak beti eragiten dute irria parodiatua (kasu honetan geu) ezagutzen denean. Txikiteroen istorioak, euskal alderdi guztien parodiak eta karikaturizazioak… gustu onekoak egiten zitzaizkigun, bai horixe.

Esan daiteke, garai hartan, moldeak apurtu zituztela eta gutxitan ikusitako umore klase bati heldu ziotela. Asmatu zuten.

Txiklea luzatzen

Euskal Telebista oso iaioa da txiklea luzatzen. Terol eta konpainiak oso ondo egin bazuten ere, denbora igaro ahala, errepikapenaren errepikapenaz, txiklea zaporea galtzen joan zen. Umorea ezaguna zitzaigun eta txisteak errepikatu egiten ziren, esan daiteke, ziklo bat amaitua zegoela.
Hala ere, ETBk aurrera segi zuen programarekin eta audientzia beheruntz joan zen apurka. Amaitu zen gauero familia osoa sofan jesartzea txikiteroen tontakeriez parre egiteko… “Los vascos no follan” esaldiak eta kontsignak ere grazia galdu zuen.

Edonork pentsatuko luke, horrelako egoeraren aurrean, edozein telebista katek pertsiana itxi eta amore emango zuela. Amore emango zuela, beste umore saio bat bilatu asmoz, graziak eta txisteak frexkatzeko. Bada ez. ETBk aktorez aldatu eta berriz ere programa berarekin jarraitu zuen, Vaya Semanita tira eta tira txikleari.
Oroitzen naiz nola umetan boomer txikleak erosten genituen zinera joateko. Cocacola zaporekoak nituen gogoko. Ahoan sartu eta sekulako zaporea izateaz gain, asko irauten zuten. Ordu erdi inguru. Eta amaitzean (nahiz eta amak abixatu) beste txikle berri bat sartzen nuen aurrekoarekin batera, zaporea berreskuratzeko. “Oier, ez sartu beste txikle bat, horrela zaporea joan egiten zaio bizkor-bizkor-eta!”, kasurik ez nik. Hiru minututan ahoa listuz mukuru nuen eta txikle bolak ez zuen zaporerik… goma gustu zozoa bakarrik.

Andoni Agirregomezkorta-ren saioak beste ildo bati jarraitu zion eta oraindik jarraitzen dio, umore politikoagoa eginaz. Umore honek zapore txarra zuen, zalantza handiko grazia. Batasuniak sortu zituzten, EAJ erridikulizatu zuten gehienbat, eta oso delikatuak diren kontuez hasi ziren algaraka. Talde politikoen ilegalizazioaz algara, kale borrokaz algara, bideo klip nahiko “esanguratsuak”… Beren burua errebeldetzat dute eta badirudi boterearen aurka doazela. Noski.

Gustu txarreko txikle hau luzatzen eta luzatzen ari da EITB. Eta jada apurtzear da, ez baitu graziarik egiten; eta ez soilik txisteak txarrak direlako, ildo politiko jakin baten tesiak indartzen dituztelako. Abuztuaren 7an El País egunkari sozialistaren azken orrialdean zeharkako elkarrizketa bat egiten zieten. Eta zintan “El Cambio político en Euskadi” ipintzen zuen. Eta ondoan, “La irreverencia del programa Vaya Semanita desacralizó la política en Euskadi. Si tuvieron algo que ver con la salida del PNV y la llegada del PSE, no quieren el crédito”. Andoni Agirregomezkorta, Javier Anton eta Iker Galarza aktoreek artikuluan diotenez politikoak gustura ez egotea seinale ona da, eta ez dute inolako arazorik Otegi edo eta Savater inbitatzeko programara. Zein erreoboluzionarioa den haien umorea… badirudi boterean nor egon berdin zaiela.

Orain Euskolegas delako telesailarekin ari dira hirurak. Hirurak? Bai hirurak; arabarra, bizkaitarra eta gipuzkoarra. Eta nafarra, eta iparraldekoa? EUSKOlegas? Beste detaile hutsal bat besterik ez da hori, Vaya Semanitaren umore partzialaren adibidea. ETBk txiklea asko luzatu zuen, ondoren beste txikle bat sartu du ahora aurrekoaren zaporea berreskuratu nahian, eta orain zapore txarreko txikle bat dauka jada oso oso estiratua. Eta apurtzen denean…

Balantza orekatzeko proposamenak


-Batasunakoekin hainbeste txiste eginda, zergatik ez egin eskoltak dituztenekin ere algarak?

-Kondenak eskatzen gora eta behera, Pirritx eta Porrotxi, euskal eragileei… Zergatik ez parodiatu hori ere? Eta Hedabideen itxiera? Eta errepresio poliziala?

Patxi Lopezi elkarrizketak: Oso ondo neurtuta?


Vocento enpresa eskuindarreko Euskal Herriko bi egunkarietan argitaratu dute Patxi Lopezi egindako elkarrizketa. Biek argazki berdinak eta maketazio antzekoa, baina mamia aldiz oso desberdina dute. David Guadilla kazetariak 'El Correo' egunkarirako egindako elkarrizketa askoz ere gogorragoa eta zuzenagoa da, Amaia Chico kazetariak 'Diario Vasco' egunkarirako egin duenarekin alderatuta. Arraroa?



Gaur goizean aitak Diario Vasco(DV) ekarri du etxera egunero bezala. Egunero bezala, tabernan irakurtzeko eta ez erosteko esan ostean, portadari begirada bat eman diot eta “Sorpresa!” Patxi Lopezi elkarrizketa. “Goiz polita Amaloi kafetegian igarotzeko. “

Hara joan eta kafesnea aitzakiatzat hartuta El Correo(EC) eta Diario Vasco hartu ditut Patxiren bi elkarrizketak irakurtzeko. Bisturiarekin egin beharreko lana hori. Hona hemen El Correon agertu den elkarrizketa eta hona hemen Diario Vascokoa. Bien argazkiak eta maketazioa antzekoak edo ia berdinak izan arren, mamia zeharo ezberdina da. Galderak eta hauen ordena antzekoak dira, baina oso desberdin planteatzen dituzte gaiak bi kazetariek. DV-en Otegiren eta Ezker Abertzalearen auziari garrantzia ematen zaio corpusean, eta EC-en aldiz ñabardura gisa agertzen da. Askotan harritu nau Vocento taldeak, askotan zaila gertatu zait sinistea Ajuria Enera bi kazetari ezberdin joan direla, bi egunkarietarako lana egitera… baina tira ez dugu gaizki pentsatuko ezta? Ala bai?

Hala ere, arraroena egin zaidana ez da Otegirena. Ez. Ezta planteamentu ezberdina bera ere. Arraroena egin zaidana, ECk (David Guadilla) argitaratutako elkarrizketa, askozaz ere zuzenagoa eta gogorragoa izatea da. DVko(Amaia Chico) elkarrizketa epelagoa da egungo gobernuarekin, eta arazo gutxiago planteatzen dizkio Patxi Lopezi erantzuterako orduan. Alderantziz izan ohi da normalean, EC izaten da ‘konstituzionalistena‘ eta DV ‘vasquistena‘ edo deitu nahi bezala.

Tira, niri arraroa egin zait. Zuek juzkatu.

Michael Mooren beste dokumental bat...

Estreinatu berri da "Capitalismo, una historia de amor" izeneko Michael Moore-en azken dokumentala. Betiko estilo bera erabili du Moore zuzendari polemikoak, sentsazionalismoz beteriko bere azken lanean.

Kuriosoa da nola egiten duen kapitalismoaren aurka, Paramout pictures produktoreak lagunduta, (besteak beste) Michael Moore zuzendari amerikarrak. Oker ez banago, gaiari erreparatuz gero, gelditzen zitzaion sinisgarritasuna hegan joan zaio horrelako produktora multinazional batekin filmea kaleratzean. Zuzendariaren demokratekiko sinpatia disimulatzen ez duen betiko dokumental sentsazionalista da, Capitalismo: una historia de amor.

Betiko legez, agerian uzten du sistema amerikarraren porrota, oraingo honetan ekonomikoa. Nolabait krisi honetan gehien aberastu diren lapurren aurpegi batzuk erakusten ditu eta hauen krimena salatu. Beti ere bere erara. Hainbat familiak isuritako malkoen lehen-lehen plano pare bat, minbiziaz hildako senar baten argazkiari begira dagoen emaztearen plano amerikarra eta (nola ez) Michael berari, Wall Streeten bankuetako zuzendaritzaren atxiloketa eskatzen, beste hainbat plano motz. Ah! eta ahantzi gabe, parlamentari demokrata batzuen eta Obamaren gorazarre moderatua. Zer gehiago esan bada dokumentala laburtzeko? Ezer gutxi.

Amerikar “progrearen” begietatik kapitalismoaren kritika moderatu bat aurkeztu du zuzendari estatubatuarrak. Ikuspegi sozialdemokrata batetik, Estatu Batuetan komunismoa tabua dela argi erakutsiaz, bere Robin Hood estiloa berriz ere errepikatu digu Moorek. Hori bai, kredituetan Internazionalaren bertsio bluesero bat ipiniaz.

Lopezen propaganda zerbitzua: Euskal diasporarako astekaria


Aita, ez dakit nola eta non, jaurlaritzak (email bidez) banatzen duen 'Euskal (virtual) Etxeak' izeneko astekari digitalera harpidetu zen. Gaur lehen aldiz jaso du "Nº343, Semana del 11 al 15 de enero de 2010" alea eta harriduraren harriduraz niri bidali dit irakurtzeko esanaz. Hasieran irriparrea atera zait, ondoren serioago pentsatu eta kolokialki esanda "flipatu" egin dut. Panfletoak 9 albiste ditu, hona hemen astekari honen mamiaren laburpena titularretan; hitz batean esanda: Harrigarria.
Zuzeu-en idatzi nuen artikulu osoa>> HEMEN